Gizartea -

BIZKAIA

Gezurtzat jo dute Bilboko ikastetxeetan bahiketa-saiakerak gertatu izana

Bilboko Udaltzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez, ezin izan du baieztatu joan den astean Bilboko ikastetxe batean heldu bat adin txikiko bati hurbildu zitzaionik.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan WhatsApp eta sare sozialen bitartez zabaldu den mezu baten arabera, joan den astean ume bat bahitzen saiatu ziren Bilboko ikastetxe batean. Mezua bolo-bolo dabil. Horren aurrean, Bilboko Udaltzaingoak lasaitasun mezua igorri nahi izan du. Horren esanetan, "Bilboko Udaltzaingoak ezin izan du polizialki baieztatu" halakorik gertatu denik.

Ikastetxeak (Salestarrak, Deustu) bere sare sozialen bitartez eman du ustezko gertakari horren berri, baina prebentzio neurri moduan egin du, gurasoen kezka eta sortzen ari zen alarma ikusita.

Hala ere, Udaltzaingoaren ikerketek ez dute horrelakorik egiaztatzerik izan.

 

 

Ikastetxeetan ustez gertatutako bahiketa ahaleginei buruz azken egunotan sortutako alarmen aurrean, "Bilboko Udaltzaingoak lasaitasun mezua zabaldu nahi die herritarrei, horrelakorik ez delako gertatu Bilboko ezein beste ikastetxetan".

Horrez gain, susmoren bat edukiz gero, gertaera Poliziaren aurrean salatzeko gomendatu die Udaltzaingoak herritarrei, ikertu ahal izateko. "Gainera, ez da komeni zurrumurru horiek hedatzen parte hartzea, alarma soziala besterik ez dute sortzen eta", dio Udaltzaingoaren oharrak.

 

 

Aurretik ere zabaldu da inoiz horrelako bahiketen inguruko albiste faltsurik. 2013an EAEko hainbat ikastetxetan umeak bahitu nahian zebiltzala zabaldu zen sare sozialetan eta Whatsapp bidez. Nolanahi ere, gezurra zela ohartarazi zuen Ertzaintzak. Azken egunotan ehunka erabiltzailek kontsultatu dute 2013ko albistea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaiko albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Albiste faltsuak sare sozialeetan