Gizartea -
Osasuna
Salmonellak jotako haur bat artatu dute Basurtuko Ospitalean
Frantziako Lactalis konpainiaren esnea hartzeagatik kutsatu omen da. Dagoeneko, baina, alta eman diote.
Agentziak | Erredakzioa
Salmonellak jotako haur bat artatu dute Basurtuko ospitalean. Antza, Frantziako Lactalis konpainiaren esnea hartzeagatik kutsatu zen.
Nolanahi ere, haren egoera ez zen larria eta senda-agiria eman diote jada, EFE albiste-agentziak Osasun Ministerioaren iturriak aipatuta zabaldu duenez.
Europako osasun sareak (Eurosuveillance) gaur emandako datuen arabera, Frantzian ekoitzitako Lactalis konpainiaren esnea edateagatik kutsatu da umea.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak baieztatu du haurrari alta eman diotela, haren egoera ez zelako larria.
Lactalis taldeak Craon hirian duen fabrikan ekoitzitako haurrentzako esne pote guztiak merkatutik erretiratzeko agindua eman du gaur Frantziako Gobernuak.
Joan den abenduan, Estatu espainiarreko merkatutik marka ezberdinetako esne potoak erretiratu zituzten, badaezpadako neurri gisa: Puleva Bebe, Damira eta Sanutri.