Gizartea -

24 orduko lanuztea

Greba egutegia beteko dutela esan dute Bilbobuseko langileek

Greba batzordeak ez du bere aldarrikapenetan amore emango "Veoliarekin negoziatzen jezarri arte eta akordio batera heldu arte". Veoliak greba bertan behera uzteko eskatu die.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbobuseko langileek lau autobusi eraso diete astearte honetan, lanpostuak ez murriztea eskatzeko eta autobusen egoera txarra salatzeko abiatutako bigarren greba egunean, Veolia enpresa kudeatzaileak jakinarazi duenez.

Hain zuzen ere, bi autobusi ibilbidean bertan egin diete eraso. Bati gurpilak zulatu, eta besteari beirak hautsi dizkiote. Beste bien aurka arrautzak jaurti dituzte.

Greba batzordeak eraso horietan zerikusirik ez duela izan esan du, eta "nagusikeri bat gehiago" egin izana egotzi dio enpresari; izan ere, langileen arabera, ez diete enpresa sartzen utzi.

Veoliaren arabera, % 30eko gutxieneko zerbitzuak normal bete dira, eta atera behar ziren 40 autobusak atera egin dira.

Enpresa batzordeak datu horiek baieztatu ditu, eta greba "ehuneko ehunean" bete dela esan dute.

Astearte honetakoa bigarren greba eguna izan da Bilbobusen, urriaren 26an ere egin baitzuten.

"Veoliarekin negoziatzen jezarri arte eta akordio batera heldu arte" greba egutegia beteko dutela eta bere aldarrikapenetan ez dutela amore emango jakinarazi dute Bilbobuseko langileek.

Veoliak, ordea, greba bertan behera uzteko eskatu die.

Astearterako ez badituzte onartu haien aldarrikapenak, protesta mugagabeak egingo dituztela ohartarazi dute langileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea