Gizartea -

Erregaiak

Gipuzkoako Ogasunari 23 milioiko iruzurra egin dion sare bat desegin dute

Gainera, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari 17 milioi euroko iruzurra egin dio. Taldeak Irunen zuen egoitza, eta erregaien handizkako salmentan bitartekari lanak egiten zituen.

Gipuzkoako Ogasunari 23 milioiko iruzurra egin dion sare bat desegin dute. Irudia: EiTB
Gipuzkoako Ogasunari 23 milioiko iruzurra egin dion sare bat desegin dute. Irudia: EiTB
Gipuzkoako Ogasunari 23 milioiko iruzurra egin dion sare bat desegin dute. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hamaika pertsonak osatzen zuten talde kriminal bat desegin du Ertzaintzak, Esquadra Mossoekin eta Guardia Zibilarekin elkarlanean. Gipuzkoako Ogasunari eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziari 40 milioi euroko iruzurra egitea leporatzen diote sareari.

Ertzaintzaren arabera, bi urtean 40 milioi euroko iruzurra egin dute; horietako 23 Gipuzkoako Ogasunari zor dizkiote eta beste 17 Estatu Agentziari.

Taldeak Irunen (Gipuzkoa) zuen egoitza nagusia, eta erregaien handizkako salmentan bitartekari lanak egiten zituen. Operazioetan ez zuen BEZik ordaintzen.

Ikertzen ari diren pertsonak 11 dira, Ertzaintzak agiri baten bidez jakitera eman duenez. Buruzagia atxilotu dute, eta Donostiako Argibideetako 3. Epaitegiak espetxera bidali du.

Ikerketa

Ikerketa uztailaren hasieran abiatu zuten, Gipuzkoako Foru Ogasunak salaketa jarri ondoren. Ordutik, Aldundiko bi teknikarik auzi hori argitzeko ardura zuten ertzainei lagundu diete ikerketa lanetan.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, delitua “erregaien salmentako bitartekaritzan balio erantsiaren gaineko zergarik, BEZik, ez ordaintzean datza”. Petrolio enpresen eta Espainiako hegoaldean zein Levanten dauden gasolina-zerbitzuguneen artean bitartekari lanak egiten zituen sareak.

Zerbitzuguneek, berriz, legezko BEZa ordaintzen zuten, nahiz eta sare kriminalak gauza bera ez egin.

Iruzur horren bitartez, zerbitzuguneek salneurri baxuagoak eskaintzeko aukera zuten, eta “horrek kalte handia egiten zien zergak ordaintzen dituzten lehiakideei”.

Sareak enpresa bat sortu zuen 2015eko bukaeran, 2016an zehar legez kanpo jardun zuen eta 2017an jarduerarekin jarraitu zuen beste marka baten bidez.

Bi kasuetan, konpainien jabeak izen-mailegatzaileen bidez ezkutatu zituzten. Izen-mailegatzaile horiek auzipetuen artean daude.

Taldeak Irungo industrialde bateko bulego batzuetan zuen egoitza nagusia, baina Madrilen ere lokal batzuk zituen, alokairuan.

Atxiloketak eta miaketak

Ikerketa polizia-operazio batekin bukatu zen iragan astean, eta taldeko 11 pertsona susmagarri aurkitzea eragin zuen.

Horietako bi Irunen atxilotu zituzten, hiru Vielhan (Lleida), hiru Madrilen, bat Ciudad Realen eta beste bat Kordoban. Beste pertsona bat Madrilen topatu zuten, eta ikertuen artean zegoela jakinarazi zioten.

Ertzaintzak, Mossoek eta Guardia Zibilak 14 miaketa egin zituzten Irungo lau etxetan, beste bost Madrilen, bi Ciudad Realen, bi Kordoban eta bat Lleidan. Agiriak, ordenagailuak, telefonoak eta artxibo informatikoak aurkitu zituzten bertan, baita 91.000 euro eskudirutan, bitxiak eta luxuzko zortzi ibilgailu ere.

Donostiako Argibideetako 3. Epaitegiaren esku geratu ondoren, ustezko buruzagia espetxera bidali dute eta gainerakoak aske geratu dira, kautelazko neurriak ezarrita. Guztien artean 40 milioi euroko fidantza solidarioa ordaindu beharko dute.

Gainera, banketxeko kontu korronteak eta beste finantza aktiboak bahitu dizkiete epailearen aginduz, baita zenbait higiezin ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Delituak argazkiak Iruzurrak berriak Gizartea albisteak Irun Eguneko albisteak