Gizartea -
Denboralea
OCU elkarteak ekimen judizial kolektiboa abiatu du elurteengatik
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen UCO elkarteak kaosaren ardura partekatua dela uste du, bai Abertis enpresarena bai Espainiako Sustapen Ministerioarena, alegia.
Agentziak | Erredakzioa
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen OCU elkarteak ekimen judizial kolektiboa ipini du martxan, estatu espainiarreko errepideetan elurrak joan den asteburuan eragindako kaosaren ondorioak jasan zituzten erabiltzeek kalte-ordainak jaso ahal izateko.
AP-6 autobidean milaka pertsonak igaro zuten gaua errepidean harrapatuta, eta kasu horretan erantzunkizuna partekatua dela uste du elkarteak: batetik, errepideen kudeaketaz arduratzen den Abertis enpresarena; eta bestetik, Sustapen Ministerioarena, subsidiario gisa.
Horrenbestez, OCUren aburuz, Abertisek kaltetuei indemnizazioak ordaindu beharko dizkiete "kaosa saihesteko aurreikuspenik ez zutelako izan eta beharrezkoak ziren neurririk ez zutelako hartu". Gainera, egun horretarako eguraldiaren iragarpena "garbia" zela salatu du.
Beste errepideren batean arazoak izan zituzten erabiltzaileek Sustapen Ministeriora jo behar dutela azaldu du OCUk, errepideen mantenuaren arduradun nagusia delako.
Kasu horietan, kalte materialak erreklamatzeaz gain, kalte moralengatik ere eskatu ahal izango dute kalte-ordaina. Izan ere, gidari askorentzat kalte moral horiek izan ziren larrienak eta 1.000 euro ere jaso ditzaketela azaldu du OCUk.
Azkenik, OCUk burutuko dituen jarduera guztien berri izateko, webgunean (gaztelaniaz) kontsulta egiteko deia egin die erabiltzaileei.