Gizartea -
DROGAK
Zazpi kilo anfetamina eta marihuana kilo bi konfiskatu dituzte Gernikan
Merkatuan 100.000 bat euroko balioa dauka Ertzaintzak konfiskatutako droga. Operazio horretan hiru pertsona atxilotu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 7 kilo speed eta marihuana kilo bi konfiskatu ditu Gernikan (Bizkaia) egindako droga trafikoaren aurkako operazio batean. Halaber, haxix eta kokaina kopuru txiki bat ere atzeman du.
Merkatuan 100.000 bat euroko balioa dauka Ertzaintzak konfiskatutako droga horrek, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Operazio horretan, hiru lagun atxilotu dituzte: alde batetik, 51 eta 50 urteko bi gizon, eta bestetik, 55 urteko emakume bat. Ertzaitnzak jakinarazi duenez, 51 urteko gizona orain dela urtebete droga trafikoagatik atxilotua izan zen.
Gernikako taberna batean atxilotu zuten joan den asteartean 51 urteko gizona. Beste biak egun horretan bertan ere atxilotu zituzten, jadanik atxilotuta zegoenaren etxean sartu eta kokaina poltsa bat ateratzen ari zirela.
Ertzainek atxilotutako lagunen etxeen miaketetan, konfiskatutako droga aurkitzeaz gain, droga prestatzeko tresneria ere aurkitu zuten.