Gizartea -
Nafarroa
Hiru etxebizitzetako lagunak irtenarazi dituzte Tafallan sute batengatik
Etxebizitzetako baten sabaiak sua hartu du, eta sugarrak ondoko etxebizitzetara zabaldu dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 12 lagun irtenarazi dituzte hiru etxetatik Tafallako urbanizazio batean igande goiz honetan piztu den sute baten ondorioz. Foruzaingoak jakinarazi duenez, sutearen ondorioz, hiru etxebizitza kaltetu dira, hori dela eta, auzokidez hustu behar izan dituzte.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, etxebizitzetako baten sabaiak sua hartu du, eta kalte handiak jasan ditu. Dirudienez, etxebizitza hori hutsik zegoen. Geroago, sugarrak ondoko etxebizitzetara zabaldu dira. Ikerketaren iturriek diotenez, litekeena da sutea tximinia batean hastea, baina bihar arte ezingo dute baieztatu.
Sutea kontrolpean hartu ostean, urbanizazioaren auzokide gehienak euren etxeetara itzuli dira, kalte gehien jasan dituzten etxebizitzetakoak izan ezik, kea eta gasen ondorioz, ezin baitira bertara sartu.
Sutea ere Funesen
Bestalde, beste sute bat piztu da Nafarroan, kasu honetan Funesen, hiru solairuko etxebizitza batean, hain zuzen ere, Foruzaingoak zabaldu duenez.
Jazoera Konstituzio kaleko 10. zenbakian gertatu da. SOS Nafarroak 13:18ean jaso du abisua, eta Tafallako eta Tuterako suhiltzaileek parte hartu dute sutearen itzaltze-lanetan.