Gizartea -
Internet
33 adierazleko sistema batek euskararen 'osasunaren' berri emango du
Sistemak ia 600.000 euroko aurrekontua du. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak, aldundiek eta EBk finantzatu dute.
Agencias | Redacción
Euskararen Adierazle Sistemak (EAS) hizkuntzaren “osasunaren” inguruko informazio etengabea eta bateratua eskainiko du Internet bidez, gaurtik aurrera, Euskal Herrian.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Institutuko zuzendariak eta Mathieu Berge Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteordeak sistema berritzailea aurkeztu dute gaur. Sistemak ia 600.000 euroko aurrekontua du. Jaurlaritzak, Nafarroako Exekutiboak, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak, foru aldundiek (209.471) eta Europar Batasunak (598.488) finantzatu dute.
Sistemak “behatoki ekonomikoen” antzera funtzionatuko duela azaldu du Bingen Zupiriak, baina hizkuntza politikari aplikatuta. Horrela, “doitasun-tresna” bihurtuko da.
Datu eguneratuak
Horretarako, EAS planifikatu eta sistematikoki diseinatu dute, datu eguneratuak etengabe eta modu antolatuan eskaintzeko.
Egitasmoaren helburua hizkuntzaren bilakaeraren eta egoeraren berri ematea da, euskararen hedapena gizartearen esparru guztietan zein den zehatz ezagutzea posible egiteko, une zehatz batean; baita denboran izan duen bilakaera ere.
Zenbakiak, grafikoak eta animazioak
Informazioa zenbakien eta grafikoen bidez emango du sistemak, baita animazioen bidez ere; izan ere, euskararen errealitatearen berri zehaztasun handienarekin eman nahi du.
Zupiriak azaldu duenez, orain arte erakunde bakoitzak bere adierazle propioak zituen, ekimeneko 33 adierazle adostuekin, ordea, era bateratuan egitea posible izango da.
Horretarako, EASek iturri ezberdinetako datu esanguratsuenak bilduko ditu, hala nola, inkesta soziolinguistikoa, Arrue Txostena, errolda eta Euskararen Erabileraren Neurketa Kalean, 33 adierazle horien arabera.
Tresnak bildutako informazioa eskuragarri izango da euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Hizkuntza politiken inguruko erabakiak hartzeko orduan oso erabilgarria izango da erakunde, unibertsitate, ikertzaile, enpresa eta gizartearentzat, oro har.