Gizartea -

ZIKLOGENESI LEHERKORRA

120 km/h baino gehiagoko haize-ufadek Hego Euskal Herria astindu dute

Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñeko udalek neurriak hartu dituzte. Euskalmetek 170 km/h baino gehiagoko haize-boladak neurtu ditu Urduñan.

Zeru iluna arratsaldean Altzon. Argazkia: Txomin Rezola
Zeru iluna arratsaldean Altzon. Argazkia: Txomin Rezola
Ziklogenesi leherkorrak zuhaitzak bota ditu Gasteizen

1:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fronte atlantiar oso aktibo bat igaroko da gaur guretik, eta ziklogenesi leherkorrarekin bat egingo duenez, "Ana" izeneko borraska handia sortuko da eta haize denborale bortitza izango dugu.

Eguerditik abisu horian gara haizeagatik, 17:00etatik aurrera hasi da Araba eta Bizkaia aldean sentitzen, eta 21:00etatik aurrera alerta laranjara igoko da abisua, asteleheneko 03:00ak arte Euskal Herri osoan. Gauean, izan ere, 120 km/h-koak izan daitezke haize ufadak.

03:00etatik aurrera, abisu horira jaitsiko da berriz ere maila eta bere horretan eutsiko dio astelehen osoan. Izan ere, 100 kilometro orduko haize boladak izango ditugu tarteka.

Kostaldean, gainera, abisu horia ezarriko dute itsasaldeko arriskuagatik astelehenean egun osorako: 3,5 metroko olatuak espero dira goizaldean, 4 metrokoak egunean zehar, eta 5 metrokoak gauez.

Haizeteak arazo arinak eragin ditu arratsalde honetan Euskadin: hainbat errepidetan zuhaitzak, harriak edota adarrak erori egin dira. Gainera, zenbait udalerritan haize-ufadek bota dituzte panelak, aparteko ezbeharrik eragin gabe. Dena dela, haize-ufada handienak 21:00etatik aurrera espero dira.

Bestalde, 170 km/h baino gehiagoko haize-boladak neurtu ditu Euskalmetek Urduñan, 140 km/h-ko haize-ufadak Gasteizen, eta 120 km/h-koak Ordunten.

Gasteizen parkeak itxita eta zaborrontziak kenduta. Durangon Ahotseneako kontzertuak bertan behera

Abisu horiek ikusita, Gasteizko Udalak aurrelarrialdi egoera aktibatzea erabaki du. Horrenbestez, 17:00etan, parkeak eta lorategiak itxi dituzte, eta zaborrontzi bidezko zabor bilketa bertan behera utzi dute. Gainera, Eguberritako argiak itzaltzea erabaki du askatu daitezkeen kableek sor dezaketen arriskua ekiditearren.

Araba guztirako ere Larrialdi Plana aktibatu du Foru Aldundiak 17:00etan.

Donostiako Udalak ere Eguberritako argiak itzaliko ditu 20:00etatik aurrera. Gainera, Gabonetako merkatuko noria gelditu egingo dute eta kaleko zaborrontziak lotu egingo dituzte.

Iruñeko Udalak ere kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei: leihoetako elementuak kentzeko eta zuhaitzak dauden tokietatik ez ibiltzeko, besteak beste. Haizea arazoak sortzen hasten bada, dispositibo berezia jarriko dute indarrean.

Eta Bilbon ere alerta ezarri dute 20:00etatik aurrera. Ondorioz, Udaleko Segurtasun batzordeak neurri andana kaleratu du ezbeharrik gerta ez dadin. Eta larrialdi zerbitzuak ere adi izango dira egoera okertuz gero ere.

Getxoko Udalak ere haizeak errazen harrapatu ditzakeen zaborrontziak erretiratuko ditu 20:00etatik aurrera, baita hesiak eta udal obretarako erabiltzen ari diren beste hainbat elementu.

Arrasateko Udalak ere parkeak ixtea erabaki du, zuhaitz edo adarren bat erortzen bada, inor azpian harrapa ez dezan.

Eta Durangon, Azoka ofizialki 19:55ean itxiko den arren, Ahotsenean ez da jada kontzerturik izango, gaur arratsaldeko emankizunak bertan behera uztea erabaki baitute, segurtasuna bermatze aldera.

Altzo, haizea, zeru iluna, argazkia: Txomin Rezola

Trafiko Zuzendaritzak itzulera aurreratzea edo atzeratzea gomendatzen du

Zubi hau kanpoan igaro ostean gaur autoa hartu behar dutenei, itzulera hori aurreratzeko edo atzeratzeko gomendatu die Espainiako Trafiko Zuzendaritzak (DGT). Izan ere, haizegatik alerta/alarma gorrian daude, besteak beste, Errioxa, Kantabria edota Burgos.

Hala, martxan jarri aurretik iragarpena begiratu, errepideak nola dauden ezagutu, eta baldintzak egokiak ez badira, itzulera atzeratzea edo aurreratzea gomendatu dute.

Hegaldia bertan behera Loiun

Europako erdiguneari eta iparraldeari eragiten dion eguraldi txarraren ondorioz, Loiuko aireportutik irtetzekoak ziren bost hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte. Hegaldi horiek Erresuma Batura, Turkiara eta Alemaniara zihoazen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Alerta meteorologikoak bideoak Albisteak Gaur Albisteak