Gizartea -
ERREPIDEAK
Normaltasuna euskal errepide sarean, bi egunetako elurtearen ondoren
Errepide sare nagusia zabalik dago Nafarroan eta EAEn. Kamioiek debekatuta dute Herrera, Opakua eta Bernedo mendateetan ibiltzea.
AGENTZIAK | eitb.eus
Euskal Herriko errepide sarean normaltasuna da nagusi, azken egunotako elurteak hainbat arazo eragin ondoren. Errepide sare nagusia zabalik dago Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan.
Halere, oraindik, bigarren mailako hainbat bide ez dituzte erabat zabaldu. Arabako Bernedo, Herrera eta Opakua mendateak kamioientzat itxita daude.
Nafarroan, bigarren mailako zenbait errepidetan, oraindik elur asko dago pilatuta. 06:00etatik, elurra kentzeko 23 makina lanean ari dira. Izotzak eragin ditu gaur arazo gehien, tenperatura hotzenak zeroz azpitik 7 gradurainokoak izan baitira Foru Erkidegoko leku batzuetan.
Oraindik guztiz zabaldu gabe dauden bigarren mailako errepideak ondorengoak dira Nafarroan: NA-7510 errepidea, 3 kilometrotik aurrera (Aralarrerako bidea), eta NA-2021 errepidea (Irati).
Bestalde, NA-4011 (Gorriti) eta GI-2120 (Lizarrusti) errepideetan zuhaitzak erori dira, eta kontuz gidatzea gomendatzen da.
Izabatik Belaguarako bidean, berriz, kateak behar dira 47. kilometrotik aurrera, eta kamioientzako itxita dago Urbasa (Lizarra-Olatzagutia).
Trafiko arazo ugari bai, baina irudi zoragarriak utzi ditu elurrak Euskal Herri osoan. Gaur eguna oskarbi esnatu da, eta askok aprobetxatuko dute elurraz gozatzeko.
Izotz arriskua
Alerta laranjan egon ondoren, atzo arratsaldetik abisu horia dago ezarrita. Aurreikuspenen arabera, elur-kota 300-400 metrora igoko da, eta prezipitazioak gutxitzen joango dira.
Hori bai, elurteak atzean utzi ondoren, hotz handia egingo du datozen egunetan, eta izotza egingo du. Izotz gardena ere izan dezakegu.
Kontsulta ezazu informazio gehiago eitb.eus-eko Eguraldia eta Trafikoa webetan eta trafikoa ikusteko webkameren orrian.