Gizartea -
Ingurumena
Eusko Jaurlaritza eta 25 enpresa, klima aldaketaren aurkako ekimen batean
Cementos Lemona, Cementos Rezola, Eroski, Euskatel, Mirandaola, Ondoan, Ormazabal Corporate Technology, Siemens Gamesa, Tecexsa, Zabalgarbi eta Ziclak, besteak beste, ekimenarekin bat egin dute.
Agentziak | Erredakzioa
Ekimen baten bidez klima aldaketaren kontrako konpromisoa publikoki azaldu dute 25 enpresak, Gasteizen egindako ekitaldian.
Enpresa horiek saritu dituzte Arabako hiriburuan. Ekitaldian ehun bat lagun bildu dira. Enpresa, erakunde publiko, teknologia zentro eta ACLIMA Clusterreko konpainien ordezkariak bertan izan dira.
Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu du, baina ekitaldiaren hasieran Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak hartu du hitza. Eusko Jaurlaritza Bonneko (Alemania) klima goi-bileran egon zela gogorarazi du Arriolak.
Ekitaldiaren bukaeran, Eusko Jaurlaritzaren atxikimendu diploma eman diote Iñigo Urkullu lehendakariari.
2680 pertsona eta erakunde
#PorElClima komunitatea Ekintza Klimatikoaren Espainiako Plataformak bultzatu duen ekimena da, eta 2680 pertsonak eta erakundek bat egin dute dagoeneko.
Parisen sinatutako akordioak betetzeko lankidetza marko publiko-pribatu bat proposatzen du ekimenak, enpresen estrategia klimatikoek eta gobernuen ekintzek bateratzeko.
Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoak, Hazkunde Berderako Espainiako Taldeak, Munduko Itunaren Espainiako Sareak eta Ecodesek osatzen dute plataforma.
Aclima, Basque Environment Cluster, Cementos Lemona, Cementos Rezola, Deydesa 2000, Dyman Ingenieria, Ecotres, Eroski, Euskatel, Factor Co2, FCC Ambito, Ferrovial Servicios, Ik Ingenieria, Indumetal Recycling, Irisens, Mirandaola, Ondoan, Koop.S., Ormazabal Corporate Technology, Sader, Siemens Gamesa, Tecexsa, Tecnimap, Tradebe, Zabalgarbi eta Zicla konpainiek ingurumenarekin konpromisoa agertu dute.