Gizartea -

Ika-mika

Trump Pocahontasekin brometan, navajoekin bilduta zegoenean

Senatari demokrata bati izen horrekin deitzeko ohitura dauka presidenteak, eta ezin izan dio eutsi txantxa egiteari, beterano navajoekin egon denean.

Trumpek 'Pocahontas' deitu dio, berriro, senatari demokrata bati

0:58

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak ika-mika berria eragin du, senatari demokrata bat 'Pocahontas' izenarekin aipatu ostean, Bigarren Mundu Gerran herrialdearen alde egin zuten navajoekin Etxe Zurian bilduta zegoela.

Trumpek Elizabeth Warren senatari demokratari izen horrekin deitzeko ohitura dauka. Pocahontas XVII mendeko indigena ospetsu bat izan zen, eta Trumpek Warrenen arbaso indigenen kontura barre egiteko erabiltzen du izena. Presidenteak ezin izan zion eutsi broma beteranoekin ere egiteari.

"Zuek hemen egon zineten, gutako inor hemen egon aurretik", esan zien Trumpek natiboei. Navajoek euren hizkuntzan oinarritutako kode bat asmatu zuten Bigarren Mundu Gerran, etsaiak mezuak ulertu ez zitzan.

"Halere, Kongresuan daukagun ordezkari batek denbora luzea darama hemen. Pocahontas deitzen diote", esan zuen presidenteak, beteranoak ondoan zituela.

Handik gutxira, Warrenek MSNBC telebista katean hitz egin zuen Trumpen txantxaren inguruan. "Oso penagarria da Estatu Batuetako presidenteak heroiei eskainitako ekitaldi batean ere ezin eustea irain arrazista bat egiteari", esan du.

Sarah Huckabee Sanders Etxe Zuriko bozeramaleak, horren inguruan egindako galderei erantzunda, esan du "presidentearen asmoa" ez zela "irain arrazista" egitea izan, indigena navajoen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Donald Trump