Gizartea -
Gertakaria
Lau lagun intoxikatu dira Tuteran, sute batean kea arnasteagatik
Magdalena Eguaras kalean gertatu da, 83. zenbakian. Intoxikatuak Reina Sofia Ospitalean daude; bikote bat eta euren adingabeko seme-alabak dira.
Agentziak | Erredakzioa
Lau lagun eraman behar izan dituzte Tuterako Reina Sofia Ospitalera, intoxikatuta, goizaldean hiriko etxebizitza batean izandako sutean kea arnasteagatik.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, etxebizitzan zegoen familiak berak eman du sutearen abisua, 04:25 aldera; antza, sutea piztu da kargatzen ari zen gailu elektriko bat gehiegi berotu delako.
Gailua etxebizitzako garajean zegoen; etxebizitza familiabakarra da, eta Magdalena Eguaras kaleko 83. zenbakian dago. Garajean, halaber, hainbat tresna zeuden, besteak beste koltxoi eta altzari batzuk, eta suak hartu dituenean ke handia sortu da; kea etxeko lehen eta bigarren solairura zabaldu da, familia bigarren solairuan zegoen, lotan.
Suhiltzaileen zain
Gertatzen ari zenaz jabetzean, familia saiatu da etxetik alde egiten, baina ke beltza handia zegoen, eta, hortaz, ezin izan dute eta erabaki dute itxarotea, leihoetan, suhiltzaileak noiz helduko ziren.
Aurpegi-babesa jarrita, suhiltzaileak laurak jarri ditu salbu, eta bi anbulantziatan eraman dituzte ospitalera. Intoxikazioa arina edo neurritsua izan da.
Gobernuak zehaztu duenez, garrek kalteak eragin dituzte, gainera, garajean, bertan zegoen ibilgailu batean eraginik izan ez badute ere, eta keak eta kedarrak kalteak sortu dituzte eskailerako zuloan eta lehen solairuan.