Gizartea -

SEXU ABUSUAK

Fiskalak 16 urteko zigorra eskatu du Gasteizko irakasle batentzat, abusuak egotzita

Fiskalak sexu-abusu jarraitua, jazarpena eta sexu-eraso leporatzen dio. Horrez gain, 8 urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Fiskaltzak 16 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Gasteizko institutu bateko irakasle batentzat, bi ikasleri eta lankide bati jazarpena eta sexu-abusuak egitea egotzita. Gainera, ikasleetako bati sexu-erasoa egitea ere leporatzen diote.

Arabako Fiskaltzak aurkeztutako akusazio idatziaren arabera, gizona 2007an hasi zen bere lankide bat jazartzen, "uneoro gertutasun fisikoa bilatuz". Hala, bere lankideak gertu ez zeuden uneetan, igurtziak eta ukituak egiten zizkion emakumeari. Egoera horrek ezinegona eta beldurra eragiten zizkion biktimari. Horrez gain, WhatsApp bidez "kutsu sexualeko" mezuak bidaltzen zizkion. Emakumeak behin eta berriro eskatu zion gelditzeko, eta WhatsApp aplikazioan blokeatu bazuen ere, SMS bidezko jazarpenarekin jarraitu zuen.

Ikasleei dagokionez, 17 eta 21 urte zituzten ikertzen ari diren gertaerak jazo zirenean (2015-2016 ikasturtea). Adin txikikoaren kasuan, akusatua "kutsu sexualeko" mezuak bidaltzen hasi zitzaion egunero. Gainera, ipurdian eta bularrean ukituak egiten zizkion. Egoera horren ondorioz, irakasle horren eskoletara joateari utzi zion.

21 urteko ikaslearen kasuan, ostera, fiskalak sexu-erasoa delitua ere leporatzen dio irakasleari. Antza denez, iazko urtarrileko egun batean irakasleak paretaren kontra jarri zuen ikaslea eta gorputz guztian ukituak egin zizkion. Emakumeak oihu egin zuen eta gizonak askatu egin zuen.

Fiskalak sexu-abusu jarraitua, jazarpena eta sexu-eraso leporatzen dio akusatuari eta horregatik 16 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du berarentzat.

Kartzela zigorraz gain, hiru emakumeei kalte-ordainak emateko eskatu die Ministerio Publikoak akusatuari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, erantzule subsidiario zibil gisa. Zehazki, 3.000 euroko kalte-ordaina eskatu du sexu-erasoa jasan zuen ikaslearentzat eta 2.000na euro, berriz, bigarren ikaslearentzat eta lankidearentzat.

Halaber, 8 urteko zaintzapeko askatasuna eskatu du.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Araba Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Albisteak Irakasleak azken ordukoa