Gizartea -
Eguraldi-alerta
Amaitu da itsaso eta kostaldeko arriskuagatik eta euriteengatik aktibatutako abisua
Ostegunean, abisu bakarra egon da aktibatuta, 06:00ak arte, euriteengatik Gipuzkoan.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kostaldeko arriskua dela eta, olatuengatik eta Gipuzkoan euriteengatik abiarazitako abisu horiak bertan behera utzi ditu gaur, osteguna.
Horrela, nabigaziorako arrisku abisua atzoko 21:00ak egon da indarrean, lehenengo bi milietan, 3,5 metrotik gorako olatuengatik.
Kostaldean, arrisku larriena 19:00ak eta 20:00ak bitartean izan zen.
Bestalde, aktibo egon den azken abisua Gipuzkoakoa izan da, euriteengatik. Gaur 06:00etan desaktibatu dute.
Iragarpena datozen egunetarako
Ostegunean, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Kantauri isurialdean, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, probabilitate handiagoarekin egunaren lehen partean; gainerako lekuetan, zaparrada txikiak botako ditu. Goizaldean eta goizean goiz, trumoi-ekaitzak eta txingorra bota ditzake isurialde atlantikoan. Elur-maila 1.000 metro inguruan egongo da goizaldean, 1.100-1.200 metrora igoko da eguerdian, eta 1.500 metro inguruan egongo da arratsaldean. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, haizeguneetan eta egunaren lehen partean bolada gogorrekin; arratsalde-gau partean, ahuldu egingo da. Tenperatura minimoetan, ez da aldaketarik egongo, edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan, berriz, ez da aldaketarik egongo edo gutxi igoko dira. Mendi inguruetan, izotz txikia egin dezake.
Ostiralean, zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du, tarteka ertaina isurialde atlantikoan. Ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, egunaren bigarren partean bolada gogor batzuekin kostaldean. Tenperatura gutxi igoko da, bereziki maximoak.