Gizartea -
OMENALDIA
Gasteizek omenaldia egingo dio Alberto Zerain mendizaleari
Ekitaldian Seme Kutun titulua eta Arabako Foru Aldundiaren ezagutza plaka emango dizkiote bere familiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizek Alberto Zerain alpinista omenduko du azaroaren 11n Europa Biltzar Jauregian, udan 56 urte zituela Nanga Parbat mendian elur-jausi batek harrapatuta hil den mendizale arabarra. Bestalde, Arabako Gobernu Kontseiluak Arabako Foru Aldundiaren ezagutza plaka ematea erabaki du.
Ekitaldian, Seme Kutun titulua eta ezagutza plaka emango dizkiote alpinistaren familiari, haren goi-mendiko jarduera bikainagatik, bizitzarekiko kiroltasunagatik, eta esfortzu eta hobetze modeloagatik.
Dagoeneko 500 gonbidatuk baieztatu dute bertan izango direla, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, tartean. Gainera, besteak beste, Alex Txikon, Juanjo San Sebastián eta Juanito Oiarzabal alpinistak izango dira beratn.
Foru erakundeak mendi garrantzitsuenak eta planetako hamalau gailur altuenetako hamar igotzeagatik nazioartean ezaguna zen mendizalearen irudia nabarmendu du. “Mendian nahiz menditik kanpo, beti agertu zen indartsu, iraupen handiko, apal eta eskuzabal, eta horregatik merezi du ohore-sari hau” , esan du Ramiro Gonzalezek. “Garraiolari ogibidez, euskal kulturazale sutsu eta gertuko mendien maitale, haren arrastoak bizirik jarraituko du, bizitzaren aurrean kirol jarrera azpimarratuz eta erreferentzia izanez Arabako gazteentzat”, ahaldun nagusiaren hitzetan.
“Bere irudiaren mailako agurra eman nahi diogu bere bizitza markatu duten elementu guztien bitartez: mendia, euskal kultura eta lagunak”, adierazi du Aitor Las Hayasek, Alberto Zerainen omenezko galaren batzorde antolatzaileko kide eta Zerainen lagunak.
Horrela, 1991n sortu zenetik sari hau jaso duten 18 pertsona eta erakunderen zerrendan sartuko da alpinista.