Gizartea -
Soslaia
Biografia: Liu Xiaobo, Bakearen Nobel sariduna
Idazleak ehunka pertsona salbatu zituen 1989an, Tiananmeneko protestetako buruetako bat izanda irtenbide baketsua negoziatu zuelako.
Erredakzioa
Liu Xiaobo 2010eko Bakearen Nobel saridunak 2008tik darama espetxean, Txinako Gobernuaren aurkako ahotsik sonatuena izateagatik. Hain justu, Akademia suediarra presionatzen saiatu da gobernu txinatarra Oslok Liuri saria eman ez diezaion, baina alferrik.
Txinak Osloko Akademiari egindako mehatxuak ---Liuri saria emateak bi gobernuen arteko harremanak kinka larrian jar ditzakeela ohartarazi dio Txinak Norvegiari----kontrako efektua lortu du eta hauspoa eman dio isilarazi nahi zuen ahotsari.
Liu (Changchun, Jilin, 1955eko abenduak 28), 2008an 303 intelektual eta artista txinatarrek izenpetutako idatziaren bultzatzaileetako bat izan zen. Ekintza horren ondorioz 11 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Txinako Konstituzioan jasotako eskubideak (adierazpen askatasuna, alderdi-aniztasuna eta ingurumenaren babesa, besteak beste) indarrean jartzeko exijitu zioten sinatzaileek Gobernuari gutun horren bidez.
Adierazpenak 20.000 sinadura ditu gaur egun, eta 1977an Txekoslovakia ohiaren oposizioak egindako gutunean oinarrituta zegoen.
1989 urtean, Liuk New Yorkeko Columbia unibertsitatean zuen irakasle postua utzi eta bat egin zuen demokraziaren alde Tiananmenen ikaseek abiatutako gose-grebekin. Txinako Armadak sarraskia eginez eman zien erantzuna protestei.
Urte horretako ekainaren 4an, Liuk eta beste hiru ekintzailek ehunka pertsona salbatu zituzten, irtenbide baketsua adostu zutelako. Izan ere, tankeak sartzekotan zeuden, Tiananmeneko plaza indarrez husteko.
Ezagutzen dutenek ziurtatzen dute haren nortasuna leundu egin zela horrezkero, eta haren borroka baketsua bihurtu zela.
Tiananmengo gertakizunen ondorioz bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 1996an hiruko beste bat, eta ondorioz "berreziketa eremu" batera eraman zuten. Han bere bigarren emaztea (egungoa) ezagutu zuen: Liu Xia poeta.
Xiak azaldu duenez, biak oso lagun dira eta literaturarekin maiteminduta daude, batik bat Dostoievski eta Kafka idazleekin.
Urte askotako lagun harremanak eta literaturarekiko maitasunak batzen ditu, Dostoievski eta Kafka handien lanengatik duten miresmenak.
2009an, epaiaren berri jaso ondoren idatzitako mezuan, barrua hustu eta ondokoa idaztzi zuen bere bikotekideaz:
"Harresiak eta espetxeko burdin sareak gainditzen dituen argia da zure maitasuna, nire azaleko azken zirrikitua ukitzen duena, nire zelulak berotzen dituena eta nire barrua baretzen duena".
Aspaldi abiatutako borroka baketsuak ondorioak izango zituela jakin bazekien. Adierazpen askatasunerako Txinako Zentroaren presidentetza utzi zuen 2007an eta EFE albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean etorkizun gertuan bere burua espetxean ikusten zuela adierazi zuen.