Gizartea -

Tragedia

Aldundiak ez zuen babes falta sumatu Zarautzen hildako neskatoan

Gizarte zerbitzuek birritan artatu behar izan zuten Zarautzeko uretan hilik aurkitutako 18 hilabeteko neskatoaren ama, senarrak tratu txarrak ematen zizkiolakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak "atsekabe sakona" adierazi du atzo Zarautzeko uretan hilik agertu zen urte eta erdiko neskatoaren auziaren harira, eta indarkeria matxista tarteko, ama bitan artatu behar izan zutela azaldu du.

Maite Etxaniz foru diputatuak agiri batean azaldu duenez, "emakumeari eta haren bi seme-alabei emandako larrialdi zerbitzua egokia izan zen eta haien beharrei egokituta egon zen, gizonaren jarrera bortitzaren aurrean babesa emanda".

Horren ildotik, Etxanizek gaineratu du laguntza "emakumeak eskatu zuenean" eta "nahi izan zuen denboraz" eman ziotela, eta bi seme-alabak ez zeudela babes gabe, amak "arreta egokia" ematen baitzien.

Ertzaintzak galdekatu egin zuen atzo arratsaldean emakumezkoa, baina deklarazioa sekretupean jarri du epaileak.

Neskatoa eta aita kalean lo egiten ari ziren, eta umea gizonezkoa esnatu orduko desagertu zen, betiere aitak Ertzaintzari ziurtatu dionez. Alaba handik eta ordu batzuetara topatu zuten, hilotz, malekoiaren pareko uretan.

Gizonezkoa atxilotuta dago, beste delitu batzuk direla medio. Izan ere, hainbat aurrekari ditu, besteak beste indarkeria matxista eta aurten bertan alaba bahitu izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea