Gizartea -
25 urteren buruan
Zientzialariek ezin izan dute DNArik atera Alcasserren topatutako hortzetik
Paco Etxeberria antropologo forentseak aurkitu zuen 2017ko otsailean, ETB2ko 'El lector de huesos' saioak bertan 1992ko azaroan izandako krimenari buruz eman zuen atala grabatzen ari zirela.
Erredakzioa
Las Provincias egunkari valentziarrak astelehen honetan argitaratu duenez, biologoek ezin izan dute DNArik atera Paco Etxeberria antropologo forentseak otsailean Alcasser herrian aurkitutako hortzetik. ETB2ko 'El lector de huesos' saioak Valentziako herri horretan 1992ko azaroan izandako krimenari buruz emandako atala grabatzen ari zirela topatu zuen hortza Etxeberriak; azaroaren 13an izango dira 25 urte 14-15 urteko hiru neska bahitu, bortxatu eta hil zituztenetik; gertatutakoaren ustezko egilearen bila dago Polizia ordutik.
Egunkariak zehaztu duenez, hiru gazteak hil zirenetik hortza aurkitu zuten arte igarotako denbora luzeak (24 urte baino gehiago, hain zuzen ere) eragin ditu hortzean esfoliazio eta narriadura handiak; hortaz, biologoek ez dute lortzerik izan genetika-informaziorik. Paco Etxeberria forentseak hasieratik aseguratu zuen hortza hiru hildakoen batena zela, eta Guardia Zibilak ere hori uste du, baina zientzialariek ezin izan dute baieztatu, ikerketan sakona egin duten arren.
Hiru gazteen gorpuak hobi batean topatu zituzten, 1993ko urtarrilean; Etxeberriak hobi horretatik 20 bat metrora aurkitu zuen hortza.