Gizartea -

Urriaren 30a

Gernikako Azken Astelehenak 333 postu izango ditu

Azoka nekazaritza lehiaketarekin eta sektoreko makineriaren erakusketarekin hasiko da. Bertsolariez eta pilota partidez gozatzeko aukera ere izango da.

Irudia: EiTB
Dena prest Gernikako Azken Astelehenerako

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernikako Azken Astelehenak 333 postu bilduko ditu guztira, hainbat produkturekin. Artekale, San Juan, Pasealeku, Industria, Juan Galtzada eta Urtarrilaren zortzia kalean izango da azoka, baita Santa Anako aparkalekuan ere. Nekazaritza lehiaketarekin eta sektoreko makineriaren erakusketarekin hasiko da. Bertsolariez eta pilota partidez disfrutatzeko aukera ere egongo da.

Aurten, berriro ere, gazta postuak izango dira gehien, 65, hain zuzen ere. Halaber, honako postu hauek izango dira: barazkiak (46), eskulanak (50), txakolina (20), ogia eta euskal pastelak (22), kontserbak (17), makineria (12), frutak (zazpi), eztia (sei), sagardoa (zazpi), erroskillak (zazpi) eta esnekiak (lau). 10 beste hainbat jardueratakoak izango dira.

Horrez gain, Urriko Azken Astelehen honetan, barazki, fruta, landare apaingarri, txakolina, eztia eta gaztaren sekzioan lehiaketak egingo dituzte. Eguna 09:00etan hasiko dute, nekazaritza lehiaketarekin eta sektoreko makineriaren erakusketarekin. 12:00etan bertsolariak izango dira Mercurioko iturrian, eta 13:30ean sariak emango dituzte.

18:00etatik aurrera zesta punta eta esku pilotako hainbat partida programatu dituzte, Jai Alai frontoian eta Santanage frontoian.

Gernikako Azken Astelehena dela eta, trafikoa itxi behar izango dute hiriko zenbait kaletan, eta ondoko kaletatik bideratuko dute. Itxiko dituzten bideak honako hauek dira: Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada.

Euskotrenek zerbitzu berezia eskainiko du

Euskotren enpresa publikoak tren zerbitzu bereziak eskainiko ditu Bilbo-Bermeo linean astelehenean, Gernikan ospatuko den Urriko Azken Asteleheneko azoka dela eta.

Zehazki, Euskotrenek jakinarazi duenez, Bilbo eta Bermeo arteko trenak 30 minutuan behin ibiliko dira ia egun osoan. Gainera, Bilbo-Gernika eta Zornotza-Gernika zirkulazioak 15 minutuan behin izango dira jenderik gehieneko momentuetan. Trenek ez dute geldialdirik egingo Lrugorri eta Institutua geralekuetan.

Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek Euskotrenen honako telefono zenbaki honetara dei dezakete: 944 333 333. Horrez gain, informazioa jaso dezakete Euskotreneko langileak dauden geltokietan eta geralekuetan, app ofizialean, www.euskotren.eus webgunean eta @euskotrenEJGV Twitter gunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Bilbo berriak Gernika-Lumo albisteak Gizartea bideoak Albisteak