Gizartea -
Gertakaria
Atxilotu egin dute Zarautzen hilik agertu den neskatoaren aita
Biak kalean lo egiten ari ziren, eta handik eta ordu batzuetara itsasoan hilik agertu da urte eta erdiko neskatoa. Gizona atxilotu egin dute, ustez aldez aurretik egindako delitu batzuk tarteko.
Erredakzioa
Ertzaintzak urte eta erdiko neskato bat hilotz topatu du gaur goizean Zarautzen, malekoi pareko ur gainean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez.
Aipatu iturrien arabera, adingabea eta bere aita kalean lo egiten ari ziren, Montetxio parkearen inguruan. Aita, esnatu denean, alaba ez zegoela ohartu da eta Ertzaintzari deitu dio.
Berehala, larrialdi zerbitzuak operazioa abiatu du Ertzaintzarekin eta Gurutze Gorriarekin batera, eta 09:00etan hilotza topatu dute.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Neskatoaren aita, 41 urtekoa, atxilotuta eraman dute, epaileak atzemateko agindua emana baitzeukan, beste delitu batzuk direla medio.
Herrizaingo Sailaren arabera, gizonezkoak hainbat aurrekari ditu, eta Ertzaintzak 11 aldiz atxilotu izan du, besteak beste sexu indarkeria eta aurten bertan alaba bahitu izana egotzita.
Gizarte Politika Departamentuaren arabera, birritan lagundu zuten ama larrialdietarako zentro batean, eta emandako laguntza "egokia" izan zela eta, gizonaren izaera erasotzailearen aurrean, "laguntza hori amaren beharrei egokitua" izan zela azaldu dute.
Foru Aldundiak adierazi duenez, emakumeak behar izan zuenean eta "berak nahi izan zuen denboraz" jaso zuen laguntza.
Zarautzeko Udala
"Gertakari hau jazotzeak beldurtu eta erne jarri behar gaitu, zorigaiztoa delako", adierazi du Zarautzeko Udalak komunikatu batean.
Umetxoaren heriotza deitoratu du Udaleko Bozeramaileen Batzordeak eta "ahalik eta azkarren gertakaria ikertzeko" eskatu die Poliziari eta epaileei, "gertatutakoa azkar argitzeko eta beharrezko neurriak hartzeko".
Neskatoaren amak deklaratu du
Hildako neskatoaren amak Ertzaintzaren Zarautzeko polizia-etxean deklaratu du arratsaldean, Poliziako iturriek jakitera eman dutenez. Adingabearen heriotza ikertzen ari dira agenteak. Ama errumaniarra bananduta bizi zen.