Gizartea -
Arratoientzako pozoiarekin
Iruñeko kebab jatetxe bateko 3 langile atxilotuta, intoxikazio larriagatik
Gazte bat ospitalera eraman behar izan dute eta beste batek 7 egun behar izan ditu osatzeko. Atxilotuei osasun publikoaren aurkako delitua eta lesioak eragitea egotzi diete.
eitb.eus
Polizia Nazionalak kebab jatetxe bateko hiru langile atxilotu ditu, osasun publikoaren aurkako delitua eta lesioak egitea leporatuta, zenbait bezerori "arratoi-pozoia" zuen jakiren bat emateagatik.
Poliziak hedabideei igorritako ohar baten bidez zabaldu duenez, ospitaleratu behar izan zuten neska baten kasutik abiatu zuten ikerketa, gaixoaren odolean medikuek azaldu ezin zuten koagulazio arazo bat antzeman ziotelako.
Antza, arratoientzako pozoia izan zitekeen azalpen bakarra, koagulazioaren aurkako tratamendua egiten ari ote zen baztertu eta gero.
Horrezkero, ikertzaileek Iruñeko Juan Maria Guelbenzu kalean dagoen "Doner Kebab" moduko jatetxe bati susmo txarra hartu zioten, biktimak eta horren bikotekideak han erosi baitzuten afaria egun batzuk lehenago.
Lehen momentutik "zapore arraro bat" antzeman zioten janariari, baina uste zuten saltsetan egindako aldaketaren bat izango zela.
Bi gazteak ondoezik sentitu ziren afaldu ostean. Gizonezkoak zazpi egun behar izan zituen osatzeko, baina horren bikotekidearen kasuan, sintomek jarraitu eta, gainera, okerrera ere egin zuten, Nafarroako Ospitalean ingresatu zuten arte.
Ondoren, Polizia Nazionaleko hainbat brigadetako agenteek (judiziala, atzerria eta polizia zientifikoa), Lan Ikuskaritzako kideek eta Iruñeko Osasun Saileko langileek lokala miatu zuten, eta toxikotasun handiko produktu bat topatu zuten leku batzuetan, baita janaria prestatzeko erabiltzen zuten mahaietako batean ere. Hori dela eta, lokala zigilatu zuten, badaezpadako neurri gisa.
Atxilotuak Pakistango hiru gizonezko dira (A.A.B., B.Z.U. eta K.M.) eta epailearengana eraman zituzten urriaren 20an.
Poliziak bi telefono-zenbaki jarri ditu balizko biktimak beraiekin harremanetan jartzeko, eta, behar izanez gero, salaketak aurkezteko. Telefonoak: 948.299.786/7.
Polizia Nazionalak zabaldutako argazkiak dira guztiak.