Gizartea -
Gertakaria
Zazpi lagun artatu dituzte Lasarte-Orian, sute batean kea arnasteagatik
Pablo Mutiozabal kalean dagoen jatetxe txinatar batean piztu da bart, eta ikerketa hasi dute zerk eragin duen argitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Zazpi lagun artatu behar izan dituzte Lasarte-Orian, sute batean kea arnasteagatik. Sutea jatetxe txinatar batean piztu da asteazken gauean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek Europa Pressi esan diotenez.
Sutea 22:30 aldera piztu da, Pablo Mutiozabal kaleko aipatutako jatetxearen sukaldean, eta oraindik ez dakite zerk eragin duen. Ikerketa abiatu dute hori argitzeko.
Horren ondorioz, zazpi lagun artatu behar izan dituzte, kea arnastu baitute. Gerora, alta eman diete guztiei.
Lehen solairuan ere, eragina
Establezimenduko sukaldean izan du eraginik handiena suteak, baina jatetxeko jangelan eta gainerako instalazioetan eta eraikinaren lehen solairuan ere egin ditu kalteak.
Sua amaitu arte, eraikin osoa hustu dute, badaezpada, eta sua itzaltzeko eta eraikina aireztatzeko lanak amaitutakoan, bizilagunak euren etxeetara bueltatu dira.