Gizartea -

Txinara bisita ofiziala

Lehendakariak Euskadiko Asteari hasiera eman dio, Shanghain

Patxi Lopezek lehen bisita horren garrantzia azpimarratu du. Euskadiko pabiloiak tradizio kulturalak, moda eta gastronomia izango ditu oinarri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopezek Espainiaren pabiloiko auditoriumean euskal moda etxe batzuen arropekin jantzitako bost euskal sukaldari ospetsuren (Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategui, Eneko Atxa eta Andoni Luis Aduriz) ikuskizuna aurkeztu du, ehunka euskal enpresari eta hainbat kazetari txinatarren aurrean.

Pabiloiaren fatxadan, zumezko panel batean, Euskadi hitza ikus daiteke kartel batean. Azpian, "Basike" (txineraz) irakur daiteke. Lopezek esan duenez, lehendakariaren lehen bisita hau "garrantzia handia duen lehen pauso bat da; izan ere, atzetik datorrena bideratuko du". Gainera, "Txinan hainbat urte daramatzatenen urratsei jarraitzen die eta bidea irekitzen du". 2008ko datuen arabera, adibidez, 107 euskal etxe ari dira lanean herrialde asiarrean.

"Euskadik aukera asko ditu helmuga turistiko eta komertzial bezala, eta herrialde handi honen Europarako sarrera ere izan daiteke", adierazi du lehendakariak. Txinak Euskadin duen presentzia oraindik eskasa da eta, turismoari dagokionez, "Espainia bisitatzen duten txinatarrek Madril, Bartzelona eta Andaluzia nahiago izaten dituzte".

Ekitaldia txalapartarien emanaldiarekin bukatu da. Horiekin batera, Shanghaiko Musika Eskolako ikasleak aritu dira eta Txinako danbor tradizionalak jo dituzte. Gainera, Boiseko (Idaho, AEBak) Oinkari taldeak ere ikuskizuna eskaini du eta pabiloira sartzeko zain zeudenen ikusmira piztu du.

Turismoan inbertitzeko beharra azpimarratu du Undak

Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak, bere aldetik, "enpresa eta industria munduan egiten den moduan", Turismo sektorean inbertsioak egiteak duen garrantzia azpimarratu du, eta horretarako, erakundeen babesa "giltzarri" dela ohartarazi du.

Txinako hiritik Radio Euskadin adierazi duenez, "Txinako bizi mailak eta duten hazkundeak erosteko ahalmena handitu die eta etorkizunean bisitari potentzial bihur daitezke".

Industria sailburuak esan du txinatarrei arreta deitzen diela Euskadik "erakundeen babesa izatea", izan ere, Txinan "oso garrantzitsua da edozein bileran, enpresa bat aurkezten denean, erakundeen presentzia izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea