Gizartea -

Auzitegi Nazionalean

Forum Filatelicoren epaiketa hasi da, kontuak hartu eta hamaika urtera

Ustezko iruzurraren kalteak jasan zituzten ehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute epaiketa hasi aurretik, 'Gure dirua bankariek dute' edo 'Altxorrak lapurtu egin zigun' oihu artean.

2006an hartu zizkioten kontuak Forum Filatelicori. Argazkia: EiTB.
2006an hartu zizkioten kontuak Forum Filatelicori. Argazkia: EiTB.
Forum Filatelico sozietatearen aurkako epaiketa hasi da

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Forum Filatelicori kontuak hartu zizkionetik 11 urte igaro direnean (2006ko maiatzean egin zuten), horren buruzagi ohiak Auzitegi Nazionalean izango dira gaur, hilaren 18an, astelehenarekin; izan ere, gaur abiatu da epaiketa, iruzurra, kaudimengabezia zigorgarria, kontuak faltsutzea eta dirua zuritzea egotzita. 27 urteko kartzela-zigorra eskatu dute Forumeko presidente ohi Francisco Brionesentzat; bera da, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren akusazio-idazkiaren arabera, 2.848 milioi euroko ondare-desfasea utzi zuen 'izaera presidentzialistako erakunde bateko liderra'. 269.000 inbestitzailek pairatu zituzten kalteak.

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak, gainera, beste 29 lagun akusatu ditu; 11-16 urteko kartzela-zigorrak eskatu ditu horientzat. Fiskaltzaren iritziz, funtsak bereganatzen zituen jarduera batean parte hartzen zuten; eskema piramidal baten barnean, errentagarritasun handiak eskaintzen zituzten, beste bezero batzuen ekarpenek ordainduta.

Forumeko 30 bat izan dira San Fernando de Henaresen (Madril) Auzitegi Nazionalak duen egoitzan; abenduaren 15era arte iraungo du epaiketa, eta 38 saio izango ditu.

Ehun bat kaltetuk elkarretaratzea egin dute

Ustezko iruzurraren kalteak jasan zituzten ehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute Auzitegi Nazionalean epaiketa hasi aurretik. Besteak beste, 'gure dirua bankariek dute' eta 'Altxorrak lapurtu egin zigun' salatu dute bertan, oihuka.

Luis de Guindos Ekonomia ministroaren iritziz, baina, Estatuak ez du inolako erantzukizun subsidiariorik ustezko iruzur horretan.

COPE katean egindako adierazpenetan (Europa Pressek zabaldu ditu), De Guindosek nabarmendu du ez zirela produktu finantzarioak; hortaz, ez zeuden Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren eta Espainiako Bankuaren zaintzapean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Iruzurrak albisteak Gizartea bideoak Albisteak