Gizartea -
Kataluniako atentatuak
Epaileak aske utzi du Ripollgo mintzategiaren jabea
Mossoek baieztatu dute Alcanarreko bigarren gorpua Youssef Aallarena dela. Said Alla Mossoek Cambrilsen hildakoaren eta Mohamed Aalla atxilo hartu eta libre utzitakoaren anaia da.
Agentziak | Erredakzioa
Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi du Salah El Karib Kataluniako atentatuen ostean atxilotuetako lau pertsonetako bat, taldeko kideek hegazkin txartelak erosteko erabili zuten mintzategiaren jabea. Ezin izan dute argitu Ripollgo imamarentzat txartelik erosi ote zuen.
Aske uzteko idatzian magistratuak azaldu duenez, ezin izan dute egiaztatu talde terroristako ustezko kideekin harremanik bazuen, eta kautelazko neurriak ezarri dizkio: astelehenero epaitegian agertu beharko da, bizitoki finkoa zehaztu beharko du eta ezingo da Espainiako Estatutik irten.
Halaber, Mossos d’Esquadrako agenteek Alcanarreko (Tarragona) etxeko leherketaren ondorioz hildako bigarren pertsonaren gorpua identifikatzeko lanak bukatu dituzte, eta talde terroristak atentatuak prestatzeko ustez erabili zuen etxeko eztandan aurkitutako bigarren hilotza Youssef Aallarena dela ondorioztatu dute.
Alcanarreko etxeko leherketan Abdelbaki Es Satty Ripollgo imama ere hil zen, eta Mohamed Houli Chemlal, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz atxilotuta eta kartzelatutakoa, zauritu zen.
Youssef Aallaren anaia Said Aalla da, abuztuaren 18an Cambrilsen (Tarragona) emakume bat hil zuen atentatuaren ustezko egileetako bat, Mossoek tiroz hildakoa.
Gainera, Mohamed Aallarena anaia ere bada, zeina Mossoek atxilotu baitzuten terroristek Cambrilseko itsas pasealekuan atentatua egiteko erabili zuten Audi A3 autoaren jabea zelako, baina epaileak libre utzi du Mohamed, haren gaineko zantzuak ez baitira “nahikoa irmoak”.
Furgoneta alokatzeko saiakera alferrikoa
Bestalde, Bartzelonan eta Cambrilsen atentatuak egin zituen talde terroristako ustezko hamabi kideetako bi furgoneta bat alokatzen saiatu ziren uztailaren 29an, Bartzelona inguruko enpresa batean.
Hainbat informazioren arabera, ibilgailuak alokatzeko enpresa baten egoitzara bertaratu ziren eta furgoneta bat eskatu zuten, baina ezetz esan zieten, ez baitzuten enpresak eskatzen zuen gutxiengo adina.