Gizartea -
Sexu esplotazioa
16 esklabo sexual askatu eta sare bateko 25 kide atxilotu dituzte
Nazioarte mailako sareak Malagan eta Benidormen prostituzioan aritzera behartzen zituen Nigerian erakarritako emakumeak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Polizia Nazionaleko agenteek, Helsinkiko (Finlandia) Polizia Departamentuarekin lankidetzan, Madrilen eta Bartzelonan ezarritako nazioarteko sare bat desegin dute, emakumeekin trafikatzen eta sexu esplotazioan aritzen baitzen, gehienbat Benidormen (Alacant) eta Malagan.
Operazioan, 16 biktima askatu dituzte eta 25 pertsona atxilotu, Espainiako Barne Ministerioak argitu duenez.
Atxilotutakoen artean, salerosketan aritzen ziren bi pertsona, Bartzelonan bizi zirenak, eta elkarteko burua daude, zeina delituotatik “aldentzeko” Helsinkin bizi baitzen.
Sareak azpiegitura “azpimarragarria” zuen Nigerian, eta bertan bereganatzen zituen emakumeak. Neska oso gazteak izaten ziren, maila ekonomiko baxueneko herritarren artean bilatzen zituzten, herrialdeko hiri nagusietan.
Biktimak prostituzioa egitera behartzen zituzten “berehala”, Bartzelonan eta Malagan. Jarraian, Madrilera eramaten zituzten, nazioarteko babesa eska zezaten, Poliziak identifikatuz gero arazorik izan ez zezaten erakundearentzat lanean ari ziren bitartean.
Nazioarteko babesa eskuan zutela, Malaga eta Bartzelonara eramaten zituzten orduan, elkarteko kideek kudeatzen zituzten pisuetara, eta prostituitzera behartzen zituzten, haien kontrol etengabearen azpian.