Gizartea -

Ikerketa

Errioxako ardoak ohiko garraztasuna galdu dezake klima aldaketaren eraginez

Ikerketa baten arabera, batez beste bederatzi egun murriztuko da ardoa ekoizteko prozesua. Garraztasunari esker ardoa behar bezala kontserbatu daiteke.

Eltziego (Arabako Errioxa). Artxiboko argazkia: Koldo Palacios Ruiz de Bergara
Eltziego (Arabako Errioxa). Artxiboko argazkia: Koldo Palacios Ruiz de Bergara
Eltziego (Arabako Errioxa). Artxiboko argazkia: Koldo Palacios Ruiz de Bergara

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klima aldaketak eragin zuzena izango du Arabako Errioxan ekoizten den tempranillo ardoan, izan ere, ohiko garraztasuna eta kolorea galduko ditu aurretik ez bada aldaketarik ematen mahastizaintzan. Adituek azaldu dutenez, Arabako Errioxan ekoizten den ardoaren garraztasun maila nahiko txikia da jada.

Hala ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak zuzentzen duen Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Insitutuak Nafarroako Unibertsitatearekin batera elkarlanean egindako ikerketa batek.

2012. urtean hasi ziren Arabako Errioxan ekoizten den ardoa aztertzen, eta ekainean amaitu zuten lana. Urtzi Leibar nekazaritzako ingeniariak garatu duen ikerketaren emaitzak astearte honetan aurkeztu dituzte. Neiker-Tecnalia institutuko Olatz Unamunzaga eta Ana Aizpurua ikerlariek zuzendu dute lana.

Zehazki, klima aldaketak mahatsondoetan nolako eragina izan dezakeen argitzea izan da ikerketa horren helburu nagusia. Arrazoi horregatik, urte batzuk barru izan dezakegun klimaren berezitasunak erabili dituzte: tenperatura lau gradu altuagoa, karbono dioxidoa eta hezetasun maila % 12 baxuagoa.

Gaur egungo kalitate-estandarrak kontuan hartuta, lortutako mahatsaren muztioak erabiliz kolore eta garraztasun gutxiago duten ardoak lortu daitezke. Besteak beste, prozesu guztia bederatzi egun aurreratzen delako gertatzen da hori, Olatz Unamunzaga ikerlariak jakinarazi duenez.

“Hori arazo bat da, tempranillo mahatsak garraztasun gutxi duelako berez, eta ardoaren PH mailak zertxobait jaisteko neurriak hartu behar dituztelako laborariek”, azaldu du Unamunzagak. Garraztasunari esker ardoa behar bezala kontserbatu daiteke, aldez aurretik galdu gabe.

Laborarientzako aholkuak

Neiker-Tecnaliako ikerlariaren arabera, klima aldaketak eragin zuzena izango du “halabeharrez” Arabako Errioxako ardoetan. Hala, prozesua batez beste bederatzi egun murriztuko denez, aldaketa horretara egokitzeko laborariei aholkuak eman behar zaizkiela esan du. Ezer gomendatu aurretik ikertzen jarraitu behar dutela nabarmendu du Unamunzagak, baina ureztatzean edo mahatsondoari hostoak kentzeko orduan aldaketak egitea irtenbide posible bat izan liteke.

Klima aldaketak Arabako Errioxako ardoan izango duen eragina ez dela “katastrofikoa” izango esan du Unamunzagak, eta ekoizpen prozesuan aldaketak egiten badira ez dela ondorio negatiborik egongo gaineratu du.

Horrenbestez, zenbat eta gehiago ikertu orduan eta proposamen gehiago izango dituzte klima aldaketak urte batzuk barru utziko dituen ondorioei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Gastronomia sariak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Larrialdi klimatikoa 2024 Arabako Errioxa albisteak Arabako Errioxako ardoa albisteak