Gizartea -

Polizia-operazioa

Ertzaintzak etxebizitzetan lapurtzen zuen talde bat desegin du Gasteizen

Ikertzaileen ustez, atxilotutako bi lagunen taldeak 20 bat lapurreta egin ditu.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu eta etxebizitzetan lapurretak egiten zituen talde bat desegin du, Gasteizko erdigunean 20 bat etxebizitzatan lapurretan egitea egotzita.

Ertzaintza prebentzio lanak egiten ari da etxebizitzetako lapurretei aurre egiteko asmoz. Horrela, azken asteotan inguru horretan izandako lapurretak ikertzen ari ziren agenteak bi susmagarriren atzetik abiatu ziren larunbat goizaldean Gasteizko Gorbeia kalean.

Halako batean, baina, ertzainak atzetik zituztela ohartu ziren, eta kutxa bat jaurti zuten. Etxebizitzetan norbait ote dagoen jakiteko ipini ohi dituzten markagailuak aurkitu zituzten bertan, lapurretak izandako hainbat etxebizitzatan topatutakoen modukoak.

Horren aurrean, atxilotu egin zituzten biak, eta horien hoteleko logela miatu zuten. Ateak irekitzeko hamaika tresna atzeman zituzten han.

Atxilotuek aurrekariak dituzte etxebizitzetan lapurretan egiteagatik, eta dokumentazio faltsua zeramaten. Gasteizen izan ziren egunetan gutxienez zazpi lapurreta egitea leporatzen diete.

Lapur talde bateko buruak omen ziren biak, eta guztira 20 lapurretekin lotzen dituzte ikertzaileek.

Atxilotu ondoren, epailearen aurrean deklaratu dute, eta espetxean sartzeko agindua eman du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Lapurretak azken ordukoa