Gizartea -
Goizaldean
Ehunka pertsona iritsi dira Ceutara, Tarajalgo muga zeharkatuta
Ceutako Gurutze Gorriko larrialdietako arduradunaren esanetan, 186 sartu dira Ceutan, eta horietatik lau ospitaleratu behar izan dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka pertsona (150, Poliziaren arabera, eta 300, Ceutako Gurutze Gorriaren esanetan) iritsi dira Ceutara gaur goizaldean, Tarajalen Maroko eta Espainia arteko muga errepidez zeharkatuta. Herrialde batetik bestera oinez edo autoz igarotzeko bide bakarra da.
05:00etan iritsi dira, Poliziak Europa Press agentziari jakinarazi dionez. Guardia Zibilak ingurua zaintzen eman du gaua, Ceutako mugako hesian hainbat mugimendu atzeman ostean.
Azkenean, sartzeko saiakera ez dute hesiaren gainetik egin, mugako pasabide ofizialetik baizik. Eremu horretan oso gutxitan gertatu ohi dira halako istiluak, Marokoko agenteez gain, Polizia Nazionala eta Guardia Zibila zaintzan egoten baitira bertan.
Clement Nuñez Ceutako Gurutze Gorriko larrialdietako arduradunak RNE irrati-katean esan duenaren arabera, 186 pertsonak lortu dute Ceutan sartzea, eta horietatik lau ospitalera eraman behar izan dituzte. Halaber, polizia batek femurra hautsi du.