Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso saiakera leporatuta
Gizonezkoak aurrekari polizial ugari ditu, eta goizean utzi dute epailearen esku. Uztailaren 22an izan zen sexu eraso saiakera, igogailu batean.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 39 urteko gizon bat atxilotu du astelehen honetan Donostian, uztailaren 22an Gipuzkoako hiriburuan izandako sexu eraso saiakeraren egilea delakoan. Ikerketen arabera, lLarunbat goizean egin zion eraso emakume bati, Federico Garcia Lorca pasealekua Cristina Enea parkearekin lotzen duen igogailuan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, 09:30 aldera izan zen sexu eraso saiakera hori, biktima Cristina Enea parketik igogailuan jaisten ari zela.
Hala, igogailuaren ateak ireki zirenean, erasotzailea barrura sartu zen, eta, hitzik esan gabe, lepotik indarrez hartu zuen bertan zegoen emakumea. Erasotzailea biktima musukatzen hasi zen orduan.
Bien arteko tirabira baten ostean, emakumeak igogailutik irtetea lortu zuen, eta laguntza eske hasi zen inguruan. Erasotzaileak ihes egin zuen, eta igogailuan Cristina Enea parkera itzuli eta lasterka aldendu zen.
Ordu horretan inguruetan zeuden oinezko batzuek biktimari lagundu, eta gertatutakoaren berri eman zioten Ertzaintzari. Agenteak bertaratu zirenean, medikuarengana eraman zuten biktima.
Gertatutakoaren berri jasotakoan, sexu eraso saiakera horren erasotzailea identifikatu eta atxilotzeko ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Atzo arratsaldean atxilotu zuten, Gipuzkoako hiriburuan.
Erasotzaileak aurrekari polizial ugari ditu (besteak beste, exhibizionismo eta sexu eraso delituak egotzita), eta goizean utzi dute epailearen esku.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.