Gizartea -
Nafarroa
Garesko leherketan zauritutako sei lagunetatik hiruk senda-agiria jaso dute
25 urteko mutil batek Zainketa Intentsiboen Unitatean jarraitzen du, eta egoera oso larrian dago. 01:33an jazo zen gas-leherketa, Cortes de Navarra kaleko etxe batean.
Agentziak | Erredakzioa
Garesko (Nafarroa) etxebizitza batean izandako gas-leherketaren ondorioz piztutako sutearen eraginez zauritutako sei lagunetatik hiruk senda-agiria jaso dute astelehen honetan. Ezbeharra igande goizaldean izan zen, Cortes de Navarra kaleko etxe batean. Bertan bizi zen gizonezkoa hil zen, eta zaurituak Nafarroako Ospitalera eraman zituzten.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, behaketan zeuden hiru gazteetatik bik eta traumatologia unitatean ingresatuta zegoen gizonezkoak jaso dute senda-agiria.
25 urteko mutil batek Zainketa Intentsiboen Unitatean jarraitzen du, eta egoera oso larrian dago. Gas-leherketaren ondorioz zauritutako beste bi pertsona neurokirurgia ospitalizazio zerbitzuan daude orain. Horietako bat 21 urteko neska bat da, atzo Zainketa Intentsiboen Unitatean egon zena. Bestea Nafarroako Ospitaleko larrialdietako zerbitzuan egon zen.
01:33ean jazo zen gertaera, Cortes de Navarra kaleko 4 zenbakiko lehen solairuan. Gas-leherketa horrek izandako indarrak kalera bota zituen eraikinaren aurrealdeko adreiluak. Herriko festak ospatzen ari zirenez, ordu horretan jende asko zebilen kalean.
Guztira hamahiru pertsona zauritu ziren, baina gehienek egunean bertan jaso zuten senda-agiria. Dena dela, hiru zaurituk Nafarroako Ospitalean ingresatuta jarraitzen dute oraindik, eta horietako bat egoera oso larrian dago.
Ikerketa zabalik dago, baina Guardia Zibilak zabaldutako lehen datuen arabera, litekeena da hildakoak berak eztanda eragin izana, bere buruaz beste egiten saiatzean, butano-bonbona bat irekitzean eta etxebizitzari sua ematean.