Gizartea -
Osasuna
Erizainek ezin dituzte txertoak jarri medikuaren aurretiko agindurik gabe
Sendalariek gaixoaren egoera aztertu eta, hala dagokionean, sendagiria emango diote. Ondorioz, ezinbestekoa izango da aldez aurreko preskripzioa izatea.
Agentziak | Erredakzioa
Sendagilearen aldez aurreko preskripziorik gabe erizainei txertoak jartzeko agindua ematen zien instrukzioa bertan behera utzi du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN). Neurri horrekin, erizainen eskubideak babestu nahi zituen Osakidetzak.
Ekainaren 27an sinatutako epai batean, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak atzera bota du Osakidetzak Gasteizko epaitegi batek emandako epaiaren aurrean jarritako helegitea. Epaitegi horrek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hartutako neurria behin-behinean baliogabetu zuen.
EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, medikuaren kontsultatik igaro gabe erizainak txertoak jartzera behartzeko instrukzioa Espainiako Gobernuak onartutako Errege Dekretua “ez ezartzeko administrazioak emandako lehen urratsa” da. 2015ean onartutako dekretuak ezinbestekotzat jotzen zuen erizainek medikuaren aldez aurreko preskripzioa izatea gaixoei botikak eman ahal izateko.
Ostegun honetan zabaldutako epaiaren arabera, Espainiako Gobernuak onartutako Errege Dekretua nagusitu behar da, “interes publikoa” ordezkatzen baitu. Dena dela, Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera dago.
EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, “txertoak gaixo daudenei ematean datza interes publikoa”. Hala, instrukzioa bertan behera uztea erabaki duen arren sendagaien horniketa ez dagoela arriskuan nabarmendu du. Ildo horretatik, auzitegi horrek berretsi du “medikuek gaitza aztertu eta, hala dagokionean, txertoa jartzeko agindua" emango dutela.
Epaiaren berri izan ostean, Erizaintza Lanbidearen Mahaiak (Erizaintza Kontseilu Nagusiak eta SATSE sindikatuak osatuta) salatu du erizainen ohiko jarduera “legez kanpokoa” bihurtu duela arau horrek. SATSEren esanetan, erizainek “osasun sistemaren funtzionamendu egokia eta profesional desberdinen arteko kolaborazioa bermatzen dute”.
Osakidetzak helegitea jartzeko aukera aztertuko du
Beste alde batetik, EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurrean, Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera aztertuko duela jakinarazi du Osakidetzak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako instrukzioak zihoen erizainak medikuaren aldez aurretiko agindurik gabe behartuta zeudela txertoa jartzera.
Osasun Sailak azaldu duenez, ebazpen judizial horrek behin-behinean baliogabetu du Osakidetzaren instrukzioa; “ez EAEn jarduten duten medikuen eta erizainen lana”.
Ildo horretatik, Errege Dekretuaren kontra dagoela berretsi du Eusko Jaurlaritzak, eta bertan behera uzteko eskatu du.