Gizartea -
Aixerrotako paellak
Aixerrotan gorputzaren % 60 erre zuen emakumeak tratamendua hasi du
Zauritu ziren bost emakumeetatik lauk Gurutzetako Ospitaleko Erredura Handien Unitatean jarraitzen dute, baina egonkor daude.
Agentziak | Erredakzioa
Uztailaren 23an Aixerrotako (Getxo) paella txapelketan zauritutako 46 urteko emakumeak tratamendu kirurgikoa hasi du asteazken honetan. Gorputzaren % 60 erreta du, baina egonkor dago, larritasunaren barruan, Gurutzetako Ospitaleak (Barakaldo) arratsaldean zabaldutako agiriaren arabera. Eztandaren ondorioz larrien zauritutako beste hiru neskak erietxean jarraitzen dute.
Eztandaren ondorioz zauritu ziren bost emakumeetatik lauk Gurutzetako Ospitaleko Erredura Handien Unitatean jarraitzen dute oraindik. Beste kuadrilla bateko pertsona batek sua berriz pizteko asmoz surtara erregaia bota zuenean gertatu zen eztanda.
Gurutzetako Ospitaleak zabaldutako azken agiriaren arabera, gorputzaren % 60 erreta duen 46 urteko emakumeak egonkor jarraitzen du, baina larri. Dena dela, tratamendu kirurgikoa hasi du asteazkenean, eta hala jarraituko du hurrengo egunotan.
Halaber, larri zauritutako beste hiru emakumeak (60, 46 eta 43 urtekoak) ere egonkor daude, eta tratamenduan jarraitu behar dute.