Gizartea -
Atxiloketak
Zarautzen eta Zumaian hainbat lapurreta egin dituen talde bat desegin dute
Ertzaintzak egindako ikerketaren arabera, baliteke lapurtutakoak 50.000 euroko balioa izatea. Guztira 52 lapurreta egotzi dizkiete lapurrei.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako hainbat etxebizitzetan lapurretak egin zituen talde bat desegin du Ertzaintzak. Zehazki, otsailetik apirilera bitartean Zarauzko eta Zumaiako hainbat etxetan izandako 52 lapurreta egotzi dizkiete lapurrei. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, lapurreta guztietan antzeko metodoak erabili zituzten.
Ertzaintzak azaldu duenez, lapurretak lan-egunetan egiten zituzten beti, aurretik finkatutako ordutegi jakin batzuetan. Gipuzkoako etxebizitzetan egin zituzten lapurretak, eta etxeetara sartzeko ateetako sarrailak manipulatzen zituzten, kalte material handirik sortu gabe. Egun berean hiru lapurreta egin zituzten, eta baliteke lapurtutakoak 50.000 euroko balioa izatea.
Lehen salaketak jaso ostean Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta lapurretak egiteko aukera gehiago izan zezaketen etxeetan presentzia handitu zuten. Hala, aste batzuk geroago lapurrek erabilitako autoa identifikatzeko aukera izan zuten, Renault Laguna markakoa.
Aste honetan, Getarian egindako polizia-operazio batean auto hori atzeman zuten, N-634 errepidean. Ertzainek ibilgailua gelditzeko agindua eman zutenean, ihes egiten ahalegindu ziren lapurrak. Alabaina, autoa gelditu eta hirurak atxilotzea lortu zuen Ertzaintzak.
Gipuzkoako kostaldeko etxeetan lapurretak egiten zituen sare horretako kideak Bizkaian bizi ziren. Agintaritzako agenteei desobeditze larriaren delitua leporatu diete hirurei. Ostiral arratsaldean epailearen esku utzi zituzten.