Gizartea -
Antolatutako banda
Hainbat adinekori ostu diote Gipuzkoan, 'besarkada solidarioa' emanez
Lapurrak informazio eske hurbiltzen dira biktimengana, ondoren, besarkada bat ematen diete esker ona adierazteko, eta une hori aprobetxatzen dute lapurretan egiteko.
ERREDAKZIOA
Ertzaintzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoan gora egin dute besarkada solidarioaren metodoa erabilita gertatutako lapurretak; izan ere, 2017ko lehendabiziko seihilekoan 65 ebaste izapidetu dituzte.
Hartara, biktimei (guztiak adinekoak) pertsona bat hurbildu ohi zaie kalean, ia beti emakumezko gazteak izaten dira, eta informazioren bat eskatu ondoren (helbide jakin bat, ospitale bat, osasun-zentro bat…), eskerrak emateko besarkada bat ematen diete. Une horretan, aukeraz baliatuz, bitxiak edo diru-zorroa lapurtzen dizkiete.
Beste batzuetan aitzakia izaten da lepoan edo eskumuturrean huskeria bat edo imitazioko bitxi bat jartzea, eta kontaktuaz baliatzen dira lapurreta egiteko. Biktimak ezagun baten antza duela esatea izaten da beste aitzakia bat, eta gizonezko adinduen kasuan nolabaiteko sexu-harremana ere proposatzen diete, eta ezkutuko leku batera eramaten dituzte (atari batera, igogailura, plaza edo parkeetan aparte dauden lekuetara) lapurreta egiten ari zaizkiela ohartu ere egin gabe.
Pertsonarekin kalean jartzen dira harremanetan, nahiz eta kasuren batean autoan ere hurbildu izan diren pertsona batengana zerbait galdetzeko aitzakiarekin, eta, era horretara, biktimarengana hurbiltzen dira eta kontaktu hori lortzen dute.
Halako kasuetan autoaren gidaria gizonezkoa izaten da eta atzean emakume bat edo bi joaten dira. Emakumeek egiten dizkiote galderak oinezkoari eta lapurtzen dizkiete bitxiak (eskumuturrekoak, eraztunak eta erlojuak).