Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon bat zigortu dute emakume bat jo eta alabari gehiegikeriak egiteagatik

Gizonak etengabe kolpatzen zuen maitale zuena, eta sexu-gehiegikeriak egin zizkion horren alaba adingabeari.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 14 urte eta bi hilabeteko kartzela-zigorra jarri dio gizonezko bati emakume bati tratu txarrak emateagatik eta heriotza mehatxua egiteagatik, eta maitale zuen horren alaba adingabeari sexu-gehiegikeriak egiteagatik.

Ebazpenean jasotakoaren arabera, 2009ko amaieran hasi ziren tratu txarrak. Auzipetuak orduan ezagutu zuen biktima, eta harekin bizitzera joan zen, Bilbora, astelehenetik ostiralera, ezkonduta zegoela ezkutatuta.

2014ko udazkenean, emakumeak harremana eten zuen, gizona gezurretan ari zela ikusi zuenean, dibortziatuta zegoela esan arren asteburuetan emaztearekin bizi zela jakin baitzuen.

Biktimak bi seme-alaba zituen eta berarekin bizi ziren Bilbon: 10-15 urteko neskato bat eta 1998an jaiotako semea.

Auzitegiak hiru urteko kartzela-zigorra ezarri dio gizonari adingabeari egindako sexu-gehiegikeria delitu bakoitzeko, eta hamar urtean ezingo du harengandik 500 metro baino gutxiagora gerturatu. Era berean, tratu txarrak direla eta, sei hilabeteko zigorra jarri dio.

Gainera, 22 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio bikotekide ohiari etengabeko tratu txarrak egiteagatik, eta ezingo du bi urtean 500 metro baino gutxiagora gerturatu. Halaber, bederatzi zigor ezarri dizkio emakumeari tratu txarrak eta mehatxuak egiteagatik. Izan ere, gizonak etengabe jotzen zuen emakumea, eta heriotza mehatxuak egin zizkion; horietako bat, labana bat eskuan hartuta egin zion, autoan, zelai batean.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea albisteak Eguneko albisteak