Gizartea -

Epaiketa azkarra

Neirak isuna ordaindu beharko du eta gidabaimena kenduko diote

Epaitegietara heltzean adierazi duenez, asteazkenean atxilotu zutenean ez zegoen mozkortuta, eta ez du barkamena eskatzeko asmorik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jesus Neira irakasleak hamar euro ordaindu beharko ditu, eguneko eta sei hilabetez, komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu epe horretan, eta gidabaimenik gabe izango da hamar hilabetez.

Neiraren abokatuak, Javier Gómez de Liañok, eman die epailearen erabakiaren berri hedabideei, akusatua inolako adierazpenik egin gabe joan baita emaztearekin batera epaitegietatik.

Abokatuaren esanetan, irakasleari leporatutako deliturako aurreikusita dagoen zigorraren heren bat murriztuta adostu dute akordioa, eta Neirak "egotzitako ekintzaren aitorpena" egin duela gaineratu du, hau da, onartu egin duela "alkoholemia-probaren emaitza izan zena izan zela".

Emaztearekin batera Madrilgo Plaza Castillako Epaitegietara heldu denean, Madrileko Autonomia Erkidegoko Genero Indarkeriaren kontrako Eskualdeko Behatokiaren Aholku Batzordeko presidenteak, Jesus Neirak, adierazi duenez, asteazkenean M-40 errepidetik zihoala atxilotu zutenean ez zegoen mozkortuta, eta ez du barkamena eskatzeko asmorik.

Guardia Zibileko Komandantziaren arabera, gertakaria asteazkenean izan zen. 22:00ak aldera M-40 errepideko 5. kilometrotik zihoan Polizia Nazionaleko inspektore batek auto bat aldaroka zebilela eta kamioi bat ukitzen ere ikusi zuen.

Zerbitzutik kanpo zegoen polizia horrek ibilgailua gelditzera behartu zuen gidaria eta Guardia Zibilari deitu zion.

Agenteak heldu zirenean, Jesus Neira zela baieztatu ondoren, alkoholemia-proba egin zioten. Emaitza positiboa eman zuen (0,87 miligramo alkohol, botatako aire litro bakoitzeko), onartutakoa (0,25 mg/l) baino hiru aldiz gehiago, eta atxilotu egin zuten, bide-segurtasunaren kontrako delitu bat egotzita.

Gertakari hau Majadahondan Antonio Puertak Neirari eraso egin eta bi urte eta hilabete geroago jazo da. Emazteari tratu txarrak ematea aurpegiratu zionean egin zion eraso Puertak Neirari; horren ondorioz hartutako lesioak sendatzeko, 256 egun eman behar izan zituen Neirak ospitalean.

2009ko azaroan Madrilgo Autonomia Erkidegoko Genero Indarkeriaren kontrako Eskualdeko Behatokiaren Aholku Batzordeko presidentetza hartu zuen Neirak, Esperanza Aguirre presidenteak eskainita, emakumeen aurkako tratu txarrei aurre egiteagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea