Gizartea -
Unibertsoaren jaiotza
Buruzagi erlijiosoak, Stephen Hawkingen aurka
Zientzialari britainiarrak hautsak harrotu ditu erlijioen munduan, unibertsoa ez zuela Jainkoak sortu ondorioztatu baitu bere liburu berrian.
Erredakzioa
Rowan Williams Canterburyko artzapezpikuak eta beste hainbat buruzagi erlijiosok gogor kritikatu dute Stephen Hawking fisikari britainiarra, hilabete honetan publikatuko duen liburu batean unibertsoa ez zuela Jainkoak sortu ondorioztatu baitu.
"Jainkoan sinistea zera da, existitzen diren gauza guztiak izaki bizi eta adimendun baten ahalmenaren menpe daudela sinistea", adierazi du The Times egunkariak gaur publikatutako elkarrizketa batean.
"Fisikak, berak bakarrik, ez du argituko zergatik existitzen edo zergatik ez den existitzen gauza bat", gaineratu du.
Jonathan Sacks errabino nagusia iritzi berekoa da: "Zientziak azaltzea du helburu, eta erlijioak, aldiz, interpretazea. Biblia-ri bost axola dio nola sortu zen unibertsoak".
"Zientziak gauzak desegin egiten ditu, nola funtzionatzen duten ikusteko. Erlijioak batu egiten ditu, zer esan nahi duten jakiteko. Bi helburu ezberdin dira, eta burmuineko hemisferio ezberdinetan daude", adierazi du.
Ibrahim Mogra Britainia Handiko Batzorde Islamikoaren presidenteak ere Hawkingen aurka egin du: "Unibertsoa begiratzean, sortzaile batek sorrera eman ziola dirudi, zantzu guztien arabera".
Dena dela, Hawkingen alde agertu direnak ere egon badaude, Richard Dawkins biologo ateoa, kasu. "Darwinismoak biologiatik egotzi zuen Jainkoa, baina fisikan zalantza bazegoen oraindik. Orain, baina, Hawkingek azkena eman dio", esan du The God Delusion liburuaren idazleak.
Hawkingen hurrengo liburu berria, The Grand Design, hilaren 9an merkaturatuko dute, hau da, Aita Santua Erresuma Batura joan baino astebete lehenago.