Gizartea -

Intoxikazioa Tolosan

Senda-agiria eman diete Tolosan intoxikatuei

Usabal kiroldegia ohi bezala funtzionatzen hasi da, asteartean 104 pertsona kloroaz intoxikatu eta gero.

Usabal kiroldegiko kanpoko igerilekuak. Argazkia: Tolosako Udala
Ikerketa zabalik gertatutakoa aztertzeko

1:59

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Tolosako Usabal kiroldegiko kanpoko igerilekuetan izandako kloro intoxikazioagatik ospitaleratuta jarraitzen zuten hiru pertsonek senda-agiria jaso dute jada.

Orotara 23 lagun eraman behar izan zituzten atzo osasun zentroetara, eta gaur hiru baino ez zeuden oraindik ospitaleratuta.

Bien bitartean, Usabal kiroldegia zabalik eta ohi bezala funtzionatzen ari da jada, Asier Martin gerenteak azaldu duenez.

Atzo, 104 pertsona artatu behar izan zituzten Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekuetan, kloroa arnastu zutelako. Tolosako Udalak gaur zabaldutako informazioaren arabera, 17:00ak aldera gas toxikoa zabaldu zen kiroldegiko aireztapen sistemaren bitartez.

Antza denez, igerilekua garbitzeko erabilitako produktuen akats batengatik gertatu omen zen gas isuria.

Usabal kiroldegia 10:00etan zabaldu dute, ohi baino bi ordu beranduago, eta dagoeneko erabiltzaileek "normaltasunez" erabil ditzakete zerbitzu guztiak.

Bestalde, Udalak ikerketa bat abiatu du gertaturikoa argitzeko. Ezbeharraren inguruko argibideak nahi dituen ororentzat 688 822 093 telefono zenbakia jarri du eskura Tolosako Udalak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna Osakidetza berriak Gaurko albisteak Gipuzkoa Tolosa albisteak EAE albisteak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa