Gizartea -
Eguraldia
Beroa, apalduz, barnealdean izan ezik
Araban sargori egiten jarraituko du, eta 35 ºC harrapatuko dituzte termometroek. Lurraldearen hegoaldean 37 gradura igo daiteke merkurioa.
E.G. | EITB.EUS
Amaitzear da bero-bolada. Haizeak ipar-ekialdetik jotzen hasiko da gaur, eta tenperatura beroa epeltzen joan dira Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere kostaldean. Hala, beroenak 25 ºC inguru kokatuko dira. Araban, ordea, apur bat gehiago itxaron beharko dute, gaur sargori egiten jarraituko baitu. Abisu horia ezarri dute, tenperatura altuengatik.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, esperotako tenperatura jaitsiera ostegun honetan helduko da, baina apurka-apurka. Aurrena, kostaldean egingo dute behera, haize aldaketa han gauzatuko delako lehendabizi; arratsaldeak aurrera egin ahala, freskatzea barnealdera hedatuko da. Hori horrela, 22 graduko maximak espero dituzte Bilbon eta Donostian, atzo baino 10 gradu gutxiago. Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, 32 ºC harrapa ditzakete termometroek.
Zeruan urdina izango da nagusi, behe hodei batzuk tartekatu badira ere. Iluntzean, bero-hodeiak gara daitezke, eta ekaitza leher daiteke hainbat lekutan.
Araba izango da salbuespena. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du lurralde horretan, tenperatura altuengatik. 17:00ak arte egongo da indarrean. Beroenak 35 ºC-koak izan daitezke, baina lurraldearen hegoaldean 37ºC ere harrapa ditzakete.
Ostiralean ipar-mendebaldeko haizeak behe-hodeiak pilatuko ditu ipar isurialdean, eta baliteke euri langar pixka bat egitea. Goizaldean eta goizean goiz zaparradaren bat bota dezake, bereziki ipar isurialdean. Ipar-mendebaldeko haizearen ondorioz, tenperatura asko jaitsiko da barnealdean; kostaldean tenperaturaren jaitsiera suabeagoa izango da. Hegoaldean giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu.
Larunbatean hodeitsu egongo da zerua, eta tenperatura atseginak edukiko ditugu. Behe-hodei ugari izango dugu, bereziki ipar isurialdean, eta berriro ere euri langar pixka bat egingo du han-hemenka. Hegoaldean goizean hodeitsu egongo da, baina arratsalderako argitu egingo du. Iparraldeko haizea ibiliko da, eta tenperaturan ez da aldaketa handirik izango.