Gizartea -
Emakumeen salerosketa
Bost atxilotu, bat Donostian, sexu esplotazioaren kontrako operazio batean
Hiru biktima askatu dituzte, eta gaizkile taldeak harrapatu berri zituen beste lau emakume arriskutik kanpo geratu dira.
Agentziak | Erredakzioa
Bost pertsona atxilotu ditu, horietako bat Donostian, Espainiako Poliziak emakumeen sexu esplotazioaren kontrako operazio batean.
Ikerlariek jasotako informazio bati esker, prostituitzera behartzera zihoazen emakume bat Espainia hegoaldeko herri batetik bestera lekualdatzen ari zirela jakin zuen Poliziak.
Operazioan hiru biktima askatu dituzte, eta gaizkile taldeak harrapatu berri zituen beste lau emakume arriskutik kanpo geratu dira.
Proxenetek Brasilen harrapatzen zituzten biktimak, senitarteko edo konfiantzako lagunen bitartez. Emakumeak behar gorrian egon ohi ziren. Operazioan atxilo hartutakoek dirua bidaltzen ei zieten Brasilgo konplizeei, Estatura bidaltzeko hegazkin txartelak erosteko eta gainerako gastuei aurre egiteko.
Espainiako Estatuan eta Italian prostituitzera behartuta
Estatura heltzean, taldeko kideek etxebizitzetara eramaten zituzten, han prostituitzera behartuta. Espainiako Estatuan ez ezik, Italiara ere bidali zituzten biktimak.
Emakumeak etxe batetik bestera eta herri batetik bestera sarri mugitzen zituzten (Espainiako Estatuko 25 udalerritan jardun zuten, eta Italiako hirutan).
Gaizkile taldeko kide bakoitzak eta biktimek eurek 1.000 euro jarri behar izaten zuten hilero "kutxa" zeritzoten kontu batera. Dirutza horretatik zati bat ematen zieten, eta gainerakoarekin lekualdaketak ordaintzen zituzten.
Espainiako Poliziaren arabera, 40 bat emakume esplotatu ditu gaizkile talde honek. Valentzian, Bartzelonan eta Donostian egin dituzte atxiloketak.