Gizartea -
Bizkaia
Espeleologo bat hil zen koba zigilatu dute Galdamesen, segurtasunagatik
Kontrolatutako leherketa baten bitartez egin zuten leizearen zigilatze prozesua, istripu gehiago saihesteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pasa den ekainaren 2an Santurtziko espeleologo bat hil zen Galdamesko kobarako sarbidea zigilatu zuen atzo Ertzaintzak, segurtasun neurri gisa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, kontrolatutako leherketa baten bitartez egin zuten zigilatze prozesua.
Operazioa arratsaldeko laurak aldera hasi zuten Zaintza eta Erreskateko eta Lehergailuak Desaktibatzeko Ertzaintzaren unitateek. Aurrez, ingurua hesitu eta segurtatu zuten.
Balmasedako Ertzaintzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak kudeatu zuten kobaren zigilatze prozesua, istripu gehiago saihesteko. Halaber, Balmasedako Ertzaintzak bere gain hartu du espeleologoaren heriotzaren inguruko ikerketa.
Babestutako ingurua izaki, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurumen Fiskaltzak eta auzia daraman Instrukzio Epaitegiak zigilatzea burutzeko baimena eman zuten. Gainera, hildako espeleologoaren familiari ere iritzia eskatu zioten.