Gizartea -

Polizia Operazioa

Zazpi pertsona atxilotu dituzte Iruñean, emakumezkoen salerosketa egotzita

Operazio berean, beste pertsona bat atxilotu dute Madrilen. Hiru emakume eta bost gizon dira atxilotuak, denak nigeriarrak. Biktimak ere Nigeriakoak dira.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sexualki esplotatzeko asmoz emakumeak salerosten zituen antolakuntza bat desegin du Polizia Nazionalak, Nafarroan zazpi kide eta Madrilen beste bat atxilotuta. Guztiak espetxeratu egin dituzte, fidantzarik gabe.

Operazioan bost biktima askatu eta zortzi pertsona atxilotu dituzte: hiru emakume eta bost gizon. Guztiak nigeriarrak dira. Zazpi Iruñean hartu dituzte atxilo eta beste bat Parlan, Madrilen.

Antolakuntzak Nigeriako emakume gazteak biltzen zituen. Baldintza penagarrietan Afrikan barrena bidaia luzea egin eta gero, Libiara iritsi eta Italiatik barrena Espainiara heltzen ziren. Orduan, industrialdeetan prostituitzera behartzen zituzten.

Iruñeko Los Agustinos industrialdean adin txikiko bat prostituitzen ikusi zuen Poliziak, eta orduan ekin zioten ikerketari. Biktimari babesa eta laguntza eskaini eta gero, operazioa abiatu zen.

Hiru emakume nigeriarrek gidatzen zuten antolakuntza. Agenteen esanetan, urteak zeramatzaten herrikideak esplotatzen.

Promes faltsuak eginda biltzen zituzten behar handia zuten biktimak. Budu erritualak egiten zizkieten, hil egingo zituztela mehatxatzeaz gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Albisteak Nafarroa Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa