Gizartea -

indarkeria matxista

Portugaleteko feministak, 'pozik' Abasolori ez diotelako kontratua luzatu

Nolanahi ere, ohartarazi dute ezin dituztela ahaztu "fitxaketak izan dituen ondorioak".

Portugaleteko Mugimendu Feministaren prentsaurrekoa. Argazkia: David Ecuador Etxea
Portugaleteko Mugimendu Feministaren prentsaurrekoa. Argazkia: David Ecuador Etxea
Portugaleteko Mugimendu Feministaren prentsaurrekoa. Argazkia: David Ecuador Etxea

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Portugaleteko Mugimendu Feministak “poztasuna” adierazi du, herriko futbol klubak ez diolako kontratu luzatu Paul Abasolo futbolariari, haren fitxaketak piztutako polemikaren ostean.

Jokalariari hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, hiru emakumeri sexu abusuak egiteagatik, baina Espainiako Gobernuak indultua eman zion, eta, ondorioz, futbolean jokatzen jarraitu ahal izan du.

Iazko udan, Portugaleteko futbol taldeak fitxatu zuen, eta horrek polemika handia piztu zuen. Herriko Mugimendu Feministak hainbat protesta egin ditu, partidetan ere, eta Udalak ere deitoratu egin du fitxaketa, gogorarazita taldeak “proiekzio publikoa izanik erantzukizun soziala” izan behar duela.

Duela gutxi, klubak iragarri du ez diola kontratua luzatuko futbolariari, hirugarren mailako jokalari onenaren sarian hautagai izan bazen ere.

Testuinguru horretan, Portugaleteko Mugimendu Feministak “poztasuna” adierazi du, jokalariak taldea utziko duelako. Hala ere, salatu duenez, “ezin ditugu inondik inora ahaztu gure herriko futbol klubaren fitxaketa horrek izan dituen ondorioak. Klubak, harrotasunez defendatzen dituen tolerantzia, berdintasuna eta begirunea bezalako baloreak, nabarmen urratu ditu; erasotzailea babesten duena bere ekintzen konplize bilakatuz”.

“Kezkagarria da, zalantzarik gabe, indarkeria matxista dela kausa zenbat eta zenbat futbolari ospetsu izan diren salatuak eta kasu askotan zigortuak ere. Baina, are kezkagarriagoa da, klubek, prentsak eta zaleek indarkeria matxistari nolabaiteko zilegitasuna ematea”, gaineratu du.

Horren ildotik, Portugaleteko feministek ohartarazi dute “borrokan” jarraituko dutela “honelako kasurik inolako kirol eremuan berriro gerta ez dadin”.

Azkenik, mugimenduak “fitxaketen politika berraztertzea” eta jokalarien artean “inolako erasotzaile sexualik ez edukitzeko konpromisoa hartzea” eskatu dio klubari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Portugalete Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Albisteak