Gizartea -
Erregistro zibilaren erreforma
Aitaren abizenak ez du lehentasuna izango Espainian ekainetik aurrera
Gurasoak ados jarri beharko dira seme-alaben abizenen ordenan. Desadostasunik egonez gero, Erregistroaren langileak erabakiko du, ordena alfabetikoaren arabera, zozketa bidez edo estetikagatik.
agentziak | erredakzioa
Aitaren abizenak ez du lehentasuna izango Espainian jaioberri bat erregistratzean, ekainaren 30etik aurrera, hau da, Erregistro Zibilaren erreforma indarrean sartzen denean. Gurasoak ados jarri beharko dira ordenaren inguruan.
Justizia Ministerioko Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiak uste du, edonola ere, aita eta ama ados jarriko direla kasu gehienetan, hori dela eta, ez du atzerapenik eragingo, ezta lan gehiago ere.
"Ulertzen dugunez, ez du aldaketa handirik eragingo lan zamari dagokionez, eta ez du atzerapenik eragingo, suposatzen baita kasu gehienetan ados jarriko direla gurasoak", Justizia Ministeriotik Europa Press albiste agentziari azaldu diotenez.
2000. urtetik aurrera, aukera dago amaren abizena lehen postuan jartzeko, gurasoek Erregistro Zibilari hala jakinarazi eta ados jarri direla adierazten badiote. Ordena hori hurrengo seme-alaben kasuan ere mantendu behar da. Alabaina, desadostasuna izanez gero, aitaren abizenak zuen lehentasuna.
Lege berriaren arabera, gurasoek abizenen ordena zehazteko beharra izango dute, Erregistro Zibilean eskaria egiterakoan. Aldaketak, Anna Salort ABA Abokatuko Familiari buruzko Zuzenbidean eta Zuzenbide Zibilean adituaren ustean, "berdintasunera gehiago hurbiltzea" ahalbidetzen du.
Ordena ez bada zehazten, edo gurasoak ados jartzen ez badira, eta hiru eguneko epea agortuta, Erregistro Zibilaren langileak berak erabakiko du ordena, jaioberriaren interesari erreparatuta, baina ez beti aitarena jarrita.
"Ekainaren 30etik aurrera derrigorrezkoa izango da ordena zehaztea Erregistro Zibilaren langileari, hiru eguneko epean, eta ez baduzu egiten Erregistro Zibilaren arduradunak erabakiko du", azpimarratu du Salortek. Ordena alfabetikoa, zozketa edo estetika, hau da, izenarekin hoberen bat egiten duena, izan litezke Erregistro Zibilaren arduradun horrek jarrai ditzakeen irizpideak.