Gizartea -
Bilbon, maiatzaren 30ean
Ertzaintzak zorroztu egingo du segurtasuna Guns N' Rosesen kontzertuan
Denbora nahikoarekin bertaratzea eskatu diete ikusleei antolatzaileek, segurtasun neurriak oso zorrotzak izatea aurreikusi baitute.
eitb.eus
Guns N' Roses rock talde estatubatuar entzutetsua "Not in this lifetime..." mundu osoko bira egiten ari da, hogei urte eta gero Axl Rose eta Slash berriro elkartu direla ospatzeko, eta Bilbok bira horretako geldialdietako bat hartuko du datorren asteartean, maiatzaren 30ean. Hitzordua San Mames futbol-zelai berrian izango da, 21:30etik aurrera.
Athletic Cluben estadio berriak hartuko duen mota horretako lehendabiziko kontzertua izango da, eta jendetza biltzen duen arrisku handiko beste hainbat ekitalditan gertatzen den legez, segurtasun neurri zorrotzak egongo dira; are gehiago, Manchesterren, astelehenean, jazotako atentatua izan eta gero, Ariana Grandek emandako kontzertuaren amaieran.
Beltran de Heredia: Ez dago mehatxu zehatzik"
Horrela, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ostegun honetan adierazi duenez, Ertzaintzak "areagotu" egingo ditu segurtasun neurriak, nahiz eta ez dagoen Euskadin atentaturik izateko "mehatxu konkreturik", ezta "beharrezkoak ez diren alarmarik elikatzeko" ere.
Sailburuak azaldu duenaren arabera, egungo testuinguruan "alerta guztiei eutsi behar zaie", eta dagozkion segurtasun neurriak "hartu" jende ugari biltzen den lekuetan eta ekitaldietan, kasu honetan gertatzen den moduan.
Segurtasun neurriak
Ertzaintzak 300 agente inguru erabiliko ditu estadio kanpoko segurtasuna bermatze aldera. Antolatzaileek, berriz, segurtasun pribatua kontratatu dute, kontzertura bertaratzen diren zale guztien sarbidea kontrolatzeko, eta zelai barruan guztia normaltasunez joan dadin.
Aldi berean, Guns N' Roses taldeak ere bere segurtasun taldea dauka, eta musikariengana inor gerturatzea ekidingo dute.
Bestalde, denbora nahikoarekin bertaratzeko aholkua eman diete antolatzaileek ikusleei, estadio barrura sartzeko neurriak zorrotzak izango baitira. Poltsa guztiak miatuko dituzte, eta ezin izango da motxilarik sartu barrura.
Horrez gain, sarreretan erosleen izena agertzen denez, antolatzaileek NAN agiria erakustea eska diezaiekete musikazaleei. Gainera, sarrera bakoitzean dagoen barra-kodeak PDA bidez irakurriko dira, eta ez San Mamesera sartzeko erabili ohi diren tornuen bidez, eta horrek moteldu egin dezake jendea zelaira sartzeko prozesua.
Azkenik, beste arretaguneetako bat garraio publikoen geltokietan egongo da. Garellanoko behin-behineko autobus geltokia, zein tren geltokiak eta aireportua jendea pilatuko diren guneak izango dira, kontzertuko ikusle ugari (% 20 eta % 30 artean, antolatzaileen esanetan) kanpotik etorriko baitira. Bere aldetik, Metro Bilbaok jakinarazi du tren zerbitzu berezia eskainiko duela kontzertu ostean.