Gizartea -

Osakidetza

Gurasoek seme-alaben osasun informazioa Interneten kontsultatu ahalko dute

Osakidetzako webgunearen bitartez, erabiltzaileek beren seme-alabei buruzko osasun-informazioa ikusteko aukera izango dute, baita pertsona helduena ere, haien baimena izanez gero.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurasoek beren seme-alaben osasun informazioa Internet bidez kontsultatzeko aukera izango dute, hala nola, jaioberritan egiten dizkieten proben emaitzak edota txertoak jartzeko egutegia online ikusi ahalko dute.

Jon Darpon Osasun sailburuak eta Andoni Arcelay Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariak agerraldia egin dute Bilbon, osasun-karpetak eskaintzen dituen aukera berriak azaltzeko.

Darponek zehaztu duenez, gurasoek lotura bat izango dute euren osasun-karpetan beren seme-alaben historial klinikoa ikusi ahal izateko.

Horretarako, haurra jaiotzean, ospitaleko administrazio-gunera joan eta umearen osasun-karpetan sartzeko pasahitzak eskatu behar dituzte.

Orain arte, Osakidetzaren webgunearen edo sakelako telefonoko aplikazioaren bidez, osasun-karpetaren erabiltzaileek hainbat gauza egin ditzakete: hitzorduak eskatu, bere mediku historiala kontsultatu, erradiologia txostenak edo analisien emaitzak ikusi, ebakuntza baterako itxarote-zerrendak zenbatekoak diren kontsultatu eta medikuarekin edo erizainarekin harremanetan jarri.

Hemendik aurrera, berriz, gurasoek euren seme-alaben osasun informazioa ikusi ahalko dute eta posible izango da adineko baten historiala ere kontsultatzea, baldin eta haren baimena izanez gero edota pertsona horrek ezintasunen bat badu eta haren tutorea bera bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea