Gizartea -
Auzo autogestionatua
Errekaleor auzoko etxebizitzak bota egingo dituztela dio Urtaranek
Gasteizko alkateak ez du zehaztu noiz botako dituzten bertan dauden etxebizitzak, baina segurtasun arrazoiak direla eta eman beharreko urratsa dela esan du.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udalak aurreikusitako planekin jarraitu eta Errekaleor auzoko etxebizitzak lurrera botako dituela esan du ostiral honetan Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.
Urtaranen esanetan, argindarra mozteko jokabidea “neurrizkoa eta orekatua” izan zen, eta gogora ekarri du 2015ean Errekaleor auzoan piztutako sutean hiru txakur hil zirela. Hala, ezbehar elektrikoak saihesteko argindarra moztea agindu zutela esan du.
Ildo horretatik, Errekaleor auzoan bizi diren 150 bat lagunen segurtasuna arriskuan dagoela azpimarratu du Gasteizko alkateak, eta noizbait ezbehar bat gertatuko balitz horren ardura Gasteizko Udalarena izango litzatekeela gaineratu du.
Urtaranek ez du zehaztu bertan bizi diren lagunak noiz kaleratuko dituzten ezta eraikina noiz botako duten ere, baina Udalak aurreikusitako planekin aurrera jarraituko duela azaldu du. Ondoren, ortu ekologikoak eta berdegune berriak sortzeko proiektuak aztertuko dituztela iragarri du.
Gasteizko alkateak argi utzi du ezinbestekoa dela herritar guztien segurtasuna bermatzea. Hala, Errekaleor auzoko bizilagunen segurtasuna bermatu ahal izateko "lehenbailehen" erabaki bat hartuko duela esan du. Dena dela, momentuz ez du horri buruzko datu gehiagorik eman.
Azkenik, bertan bizi diren herritarrei dagokienez, Udalak hiriko beste leku batzuetan bizitzeko aukera eman diela azaldu du. Alabaina, orain arte ez dela posible izan esan du.