Gizartea -
Errefuxiatuak
Beste 13 etorkin atzeman dituzte Bilboko Portuan
Azken hiru egunotan, 40 errefuxiatu atzeman dituzte horren inguruetan ezkutatuta, zenbait adingabe tartean. Calaisko errefuxiatuen kanpalekua desegin ostean, gorakada nabarmena izan da.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Espainiako Poliziak Britainia Handira bidean zihoazen beste 13 etorkin atzeman ditu Bilboko Portuan, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Asteartean 27 errefuxiatu atxilotu zituzten bertan.
Egunetik egunera etorkin gehiago aurkitzen dituzte Erresuma Batura doazen ontzietan ezkutatuta, eta, hori dela eta, segurtasun neurriak eta miaketak areagotu dituzte portuan dauden ontzietan.
Azken hiru egunotan, 40 errefuxiatu atzeman dituzte inguruan ezkutatuta, zenbait adingabe tartean.
Poliziaren esanetan, Erresuma Batura heltzeko “bide alternatiboa” bilakatu da Bilboko Portua, batez ere Calaisko (Frantzia) errefuxiatuen kanpalekua desegin ostean. Astean bost ferry joaten dira Bilboko Portutik Erresuma Batuko portuetara.